Karbohidratoak digeritzeko eta sozializatzeko geneek egiten dute zakurra zakur
2013/01/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, karbohidratoak digeritzeko gaitasuna ematen duten geneak funtsezkoak izan ziren zakurrak etxekotzean. Horrez gain, garunaren garapenarekin eta portaerarekin lotutako beste gene batzuk ere garrantzia handia dute bi espezieak bereiztean.
Uppsala Unibertsitateko ikertzaile-talde batek egin du azterketa genetikoa. Zehazki, munduko zenbait lekutako 12 otsoren eta 14 arrazatako 60 zakurren DNAk sekuentziatu eta alderatu dituzte. Emaitzak erakutsi duenez, 36 eremu (122 gene guztira) gako dira zakurren eboluzioan.
Zakurrak eta otsoak bereizten dituzten eremu horietatik 19 garunarekin lotuta daude, eta azaltzen dute zergatik diren zakurrak otsoak baino adiskidetsuagoak. Beste zortzik, berriz, karbohidratoak digeritzen laguntzen dute. Adibidez, amilasaren entzimaren geneak askoz ere ugariagoak dira zakurretan otsoetan baino; hala, zakurraren metabolismoa karbohidratoak jateko egokituta dago, otsoarena ez bezala.
Horrez gain, ikertzaileek nabarmendu dute gure espeziean ere antzeko eboluzioa gertatu zela karbohidratoak digeritzeko ahalmenarekin; hau da, bizimodu eta dieta antzekoak izan dituzten heinean, zakurren eta gizakien metabolismoek paraleloan eboluzionatu dute.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia