}

Kalitate-agiridun CAF-Elhuyar sariak

2002/02/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kalitatezko lanak eta punta-puntako gaiak, horiek izan ziren CAF-Elhuyar sarietara aurkeztutako lanen ezaugarri nabarmenenak. Lanen egileak, berriz, azken urteetan baino dezente gehiago eta, adi, dezente gazteagoak. Beraz, badirudi CAF-Elhuyar sarien etorkizun hurbila, alde horretatik, bermatua dagoela.
Ohi denez, sariak banatu eta gero, argazkia atera zuten aurtengo CAF-Elhuyar sarien irabazle guztiek. Argazkilariei begira jarri eta han egon behar izan zuten, gainerakook solas goxoan ari ginela. Une horretan argazkilari bat baino gehiago hurbiltzen zaienez, zaila izaten da argazkiko guztiak argazkilariari begira jartzea. Argazkia lekuko!
I. NOGERAS

“Klonazio ‘terapeutikoaren’ mitoa: egiak eta gezurrak” izenburua duen lanak irabazi zuen CAF-Elhuyar sarien VIII. edizioa. Epaimahaiko kideek esan zutenez, artikulua guztiz atsegina da eta oso ondo garatua dago. Gaurkotasunaren ikuspegitik ere ezin uka artikuluaren egileak bete-betean asmatu duela, azken orduko berrikuntzak aipatzeaz gain, ikuspegi globala ere eskaintzen duelako. Gainera, balorazioak egiteko gaitasuna ere izan du Leire Escajedok, epaimahaiaren iritziz.

Iazko irabazleek izan zuten aurtengoei sariak banatzeko ardura; hau da, iaz lehen saria eraman zuenak aurten lehena eman behar izan du, bigarrena eraman zuenak bigarrena... Hortaz, Iñaki Peñak, liburua idazteko bekaren irabazleak, Kepa Altonagaren eskutik jaso zituen dirua eta Imanol Andonegik egindako eskultura. Kepa Altonagak idatzitako Aita David; pandaren aita liburu ederra ere hantxe egon zen, eskulturen ondoan.
I. NOGERAS

Aurtengo bigarren sarituak Txitxardin Beltza jatetxean bildutakoen txalorik beroenetakoak jaso zituen. Izan ere, Gorka Azkunek 19 urte besterik ez ditu, eta Fisikaren gai garrantzitsu eta ulertezin horietako bat jorratu du bere lanean: Supersoken teoria. Iñaki Irazabalbeitiak ere, sariak banatu aurretik egin zuen hitzalditxoan, nabarmendu egin zituen batetik egilearen gaztetasuna eta, bestetik, aukeratutako gaiaren zailtasun teorikoa.

Gorkak “… eta halako batean sokak agertu ziren” izenburua jarri dio bere lanari. Epaimahaikideen ustez, artikulu sarituaren egileak supersoken teoria garrantzitsu eta zaila era dotore, erakargarri eta ulergarrian aurkezteko lan berezia egin du, horretarako irudi egokiak, kontzeptu argiak eta euskara bizia erabiliz.

Hirugarren saria “Ahotsaren bidez mugak gainditzen” izenburua duen artikuluarentzat izan zen. Epaimahaikideen arabera, artikulu honek agerian jarri du teknologiaren eta ongizatearen arteko lotura estua. Ahotsaren bidez garatu den teknologia hori, bestalde, Euskal Herriko ikertzaile-talde batek garatu du eta, gure zientzia-komunitatearen berri eman izana ere oso aintzat hartu du epaimahaiak. Iker Anegak, Juan Jose Jubetek eta Karmele Lopez de Ipiñak osatutako taldeak egin du lana.

Hiru horiez gain, idazle berriari ematen zaion saria Gorka Orivek eskuratu zuen, “Tumore angiogenesia” lanarengatik. Artikulu horretan minbiziaren tratamendu-mota ugariren arteko bat azaltzen da, ikerketa-lerro horretan ohikoak diren prozedura eta ekintzak irakurle arruntak erraz ulertzeko moduan azaldu ere. Epaimahaikideek adierazi zutenez, lana oso txukuna da, modu egoki eta ulergarrian garatua.

Beka, euskal enpresa txikiak aztertzeko

CAF-Elhuyar sarien banaketa-ekitaldira jende ugari agertu zen; beharbaa azken urteotan baino gehiago. Batzuk, betiko ezagunak, Txitxardin Beltxa jatetxeko hitzordura eta Elhuyarren ekitaldietara hutsik egiten ez dutenak, baina –artikulu-egile berriak tarteko– baziren aurpegi berriak ere. Sarien berri izateaz gain sari-banaketaren ostean mokadutxoa egin eta kontu zaharrez zein berriez berba egiteko aukera izan genuen.
I. NOGERAS

Ekonomiaren inguruko gaiak eta berriak gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira gure eguneroko bizitzan, eta albiste horiek eragin zuzena izaten dute askotan gizartean. Horien artean, enpresa berrien sorrera aipatu behar da. Lanpostu berriak eskaintzeak eta horien egonkortasunak zerikusi handia izaten dute enpresa berrien sorrerarekin. Iñaki Peñak, Euskal mikroenpresen demografia eta erregimen teknologikoak XXI. mende atarian proiektuaren bidez, gai horiek guztiak aztertzeko beka jaso du. Aurkeztutako proiektuan, egileak Euskal Herriko mikroenpresen jaiotze- eta desagertze-fenomenoak izan ditu aztergai, era dibulgatiboan, orain oso ezagunak diren bi alderdi oso kontuan hartuz: teknologia berrien eta politika publikoen eragina. Erabakia hartzeko, gaiaren egituraz gain, gaurkotasuna ere aintzat hartu zuten epaimahaikideek.

Aipatutakoak saria jaso zuten lanak izan ziren, baina aurkeztu gehiago aurkeztu ziren: 20 artikulu eta 9 liburu-proiektu. Epaimahaikideen esanean, aukeraketa-lana ez zen erraza izan, lan asko izateaz gain kalitatea handikoak baitziren oso.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia