}

Kaleko argiak LEDekin ordezkatzeak ingurumenean duen eraginaz ohartarazi dute

2022/10/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

kaleko-argiak-ledekin-ordezkatzeak-ingurumenean-du
Europako ipar-mendebaldearen argazkia. Belgikako, Herbehereetako eta Alemaniako argien artean dauden diferentziak nabaritzen dira. Arg. A. Sánchez de Miguel et. al./NASA/ESA

Exeter unibertsitateak gidatutako ikerketa batean, gaueko argien espektroa aztertu dute, eta jakinarazi dute argi urdina asko ari dela hedatzen, eta horrek ondorio kaltegarriak dakartzala, bai gizakiontzat, bai beste bizidunentzat. Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Ikertzaileek Nazioarteko Espazio Estazioaren eta Suomi NPP satelitearen kameren irudiak erabili dituzte argi-kutsaduraren argazki osatua lortzeko. Irudi horietan, espektroaren konposizioaren bilakera aztertu dute 2012-2013 eta 2014-2020 urteen artean, eta ikusi dute presio altuko sodiozko argiak (laranja kolorekoak) gutxitzen joan direla, eta ugaritzen, aldiz, LED zuriak eta igorpen urdina dutenak. 

Bilakaera ez da berdina izaten ari herrialde guztietan; adibidez, LED gehien jarri dituztenen artean Italia eta Espainia daude, eta beste muturrean, berriz, Austria eta Alemania. 

Azaldu dutenez, LED argiek sodiozkoek baino askoz ere eragin kaltegarriagoa dute ingurumenean; bereziki, argi urdinak. Eta hori da, hain zuzen, Espainian gehien hedatzen ari dena. Zehazki, ondorio hauetan jarri dute arreta: melatoninaren zikloaren asaldura (loarekin lotuta dago), izarren ikusgarritasuna, eta intsektuen eta saguzarren portaera.

Argiak ordezkatzean, ondorio horiek aintzat hartzeko eskatu dute ikertzaileek, eta iradoki dute badaudela beste modu batzuk LED argiek ematen dituzten abantaila energetikoak eta ekonomikoak lortzeko, aldi berean, kalte txikiagoa eginez ekosistemei. Horrez gain, datuak biltzen jarraitzeko beharra dagoela adierazi dute.
 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia