}

Kalamuak esklerosi anizkoitzaren sintomak arintzen ditu

2004/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kalamuak esklerosi anizkoitzaren sintomak arintzen ditu. Hori da Plymouth-eko Unibertsitateko ikerketa batek frogatu duena. Ikerketa horretan, 635 gaixok parte hartu zuten eta bi tratamendu erabili ziren, biak ere legez kanpokoak; batetik, plazebo-efektua duen kalamu-erauzkin bat, eta, bestetik, kalamuaren konposatu aktiboa, tetrahidrokanabinola (THC), alegia. 15 asteren buruan, THCa hartzen zuten gaixoen % 60k eta plazebo-hartzaileen % 46k sintomak nabarmen arindu zirela nabaritu zuten.

Emaitza horiek aintzakotzat hartuz, Britainia Handiko Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteak kalamuan oinarritutako konposatuak legeztatzeko deia egin du. Izan ere, mundu osoan esklerosi anizkoitzak jotako 2,5 milioi gaixo inguru daude, baina ez dago gaixotasunari aurre egiteko kalamuan oinarritutako eta legeak babestutako tratamendurik. Hala ere, badira beste zenbait gaixotasun arintzeko kalamua erabiltzea onartzen duten hainbat herrialde. Hori dela eta, agian, aipatutako ikerketak esklerosi anizkoitzaren tratamendurako erabiltzea legeztatzeko balioko du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia