}

K-bot keinuka

2003/02/18 Elhuyar Zientzia

K-bot giza aurpegia imitatzen duen robot bat da. Atzo aurkeztu zuten AAAS (American Association for the Advancement of Science) erakundearen urteroko biltzarrean eta orain arte aurkeztu den robot-buru aurreratuena dela esan daiteke.

K-bot robotak parean jartzen den edonoren keinuak imitatzen ditu, aurpegikoak oraingoz. Begietan dituen kamara batzuez baliatuz, aurpegiko mugimenduei jarraitzen die eta, programa aurreratu bati esker, motor txiki batzuk mugitzeko gai da. Motor horiek polimerozko azalaren azpian dauden 24 gihar mekaniko aktibatzeko gai dira, oso azkar gainera –segundo bat baino azkarrago– eta, horrela, aurrean dagoenaren ispilu bihurtzen da K-bot.

Robota David Hanson-ek garatu du, Disney konpainiako langile izandakoak. Haren hitzetan, epe laburrean, giza gorputza osorik imitatzen duten robotak izango ditugu kalean. Baina pelikuletan ikusten ditugun robot horiek egiteko ez ezik, K-bot gihar artifizialak garatzeko oinarria izatea espero du Hansonek eta baita komunikazio-arazoak dituzten haurrei laguntzeko tresna izatea ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia