}

Jaurerri baten islada: Bertiz

1993/02/01 Albisu, Alex Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nafarroako atlantiar isurialdea, aspalditik basoak bota eta gizatartu egin dela ez da gauza berria. Dena den, lurralde guzti honek gizatartze orekatua jasan zuela dirudi; larreen orlegiak eta mendien itxura leunak paisajea leundu egiten baitute. Abelazkuntzak leku nagusia hartu zuen lur honetan barrena, eta abereentzat behar ziren elikagaiak lortzeko, lurrak biluztu egin behar izan zituzten.

Pagoa jaun den lur honetan, haritz ugari ere ikus daiteke.

Dena den, oraindik azalera handiko bi lurralde basotsu soma ditzakegu lur hauen baitan. Bata Artikutza dugu, bere 3.700 ha-rekin % 90 basoa delarik. Bestea, historia bitxia duen Bertizko jaurerria, ia erabat basoz estalirik dago. 2.040 ha dituen lur honetan, pagoa da zuhaitz nagusia eta Bidasoa ibaia besarkatuz, Bertizaranako udalerrian dugu kokaturik.

Kantauri itsasoaren eragina garbia da, eta bere klima leuna, aldaketa termiko handiegirik gabekoa. Klima ozeanikoarekin beraz, basoa eder ageri da. Iparraldetik Etxalarko lurrak ditu; ekialdetik Baztan ingurukoak; hegoaldetik Bidasoa ibaia eta mendebaldetik Bertizaranako beste zenbait lur eta “Lau herri” izeneko mendia ditu mugakide. Baina lur hauek gorde duten aberastasuna eta nolabaiteko birjintasuna, historian zehar jauntxo askoren esku egon izanari zor zaio.

Jaurerriko baso egituratua udazkenean.

Bertiztarrak izan ziren lehen jabeak, Nafarroako Karlos III.a erregeak 1389. urtean lurren jabe egin zituelarik. Nafarroako Koroaren oniritzia eta konfidantza zuten bertiztarrek. Barealdian errege, jauntxo, noble, hidalgo eta jentilei Bertiz jaurerrian oreinak, erbiak eta galeperrak ehizatzeko eman zitzaien baimena da horren lekuko. 1556. urteko Foru Orokorrean eman zitzaien aipatu baimena.

1723. urtean, Aldunain eta Bertizko Joan Frantziskoren esku zegoen jaurerria. Gerora markes batek eskuratuko zuen, bertiztarrek jaurerriaz izan zuten jabegoari amaiera emanez. Ondoren Felipe Oteizaren eskuetara pasatuko zen eta 1898. urtean Pedro Zigak bereganatuko zuen.

Pedro Ziga hil zenean, 1949. urtean, Nafarroako Foru Aldundiak hartu zuen jaurerriaren ardura nafarren izenean. Horrela, azken jabe partikular izan zen Pedro Zigaren nahia beteko zen. Honek jaurerria babestu egin nahi zuen, belaunaldi berriek inguruaz goza zezaten. Parke Natural izendatu zuten 1984. urtean.

Parkera sartzen bazara, ikazkin edota zurginen eragina ikusi ahal izango duzu zuhaitzen enborretan; hauetako asko ohizkoak baino motzagoak eta sendoagoak baitira. Joera hau ez da lurralde askotara zabaldu eta ia urraturik gabe diruditen lur asko ikus daitezke oraindik.

Arboladi atlantiar nahasia da nagusi Bertiz jaurerrian. Haritza, Bidasoa ibaiaren inguruko lurretan dago batez ere. Hau da, hezetasun handiko alderdietan, behealdean. Baina, jaurerri osoan topa genezake, banaka edo multzoan. Dena dela, pagoa da, ezbairik gabe, baso honetako jaun eta jabe. 500 metrotik gora hasten da. Gaztainondoz osaturiko lerroak ere aurkitzerik izango duzu, harizti eta pagadiaren artean. Zuhaitzei amaiera emateko, inguru altuenetan ametzak ikusteko aukera ere izango duzula esan behar; hauek aurrez aipatutakoek baino eguzki gehiago behar baitute.

2.040 ha-ko lurralde txiki honetan, gutxi urraturiko basoez gozatzeko aukera izango duzu. Aizkolegi mendira igoz gero berriz, jaurerri osoa eta izen bereko gaztelua ikusi ahal izango dituzu. Ikuspegi honetaz gozatzeko eguraldi ona behar da

kontuan izan inguru honetan hiru egunetik batean izaten dela oskarbi
Bertizko jardin botanikoak txoko liluragarriak ditu.

Laino- eta hodei-eguna tokatzen bazaizu, ez desanimatu. Bertako fauna interesgarria ikusteko (eguraldiarekin baino zorte hobea beharko duzu, baina ...) eta jardin botaniko paregabea bisitatzeko aprobetxa dezakezu.

ICONA eta Nafarroako Gobernuak, 1955. urtean, Bertizen eta Kintoa-n oreinak hazteko egin zuten ahaleginek, ez dute hemen oraindik arrakastarik izan. 2 km-ra dagoen Markesenea deritzon lurretan daude basoan hazi asmoz ekarri ziren oreinak, hesiz inguratuta.

Orkatza ez da hemendik inoiz desagertu, eta populazio txiki bat aurki dezakegu bertan.

Basurdea ere badago, bere lurreko lanak sarri ikus daitezkeelarik. Baina, azkonarra da ugaztun ugariena, bere aztarnek adierazten dutenez. Hauez gain, ezkutakorra den basakatua, igaraba, lepazuria, katagorria, erbia, untxia, eta abar aurki daitezke, urriago badira ere. Hegazti harraparien artean, zapelaitz arrunta da bertan habia egiten duen espezie bakarra.

Jaurerria Aizkolegitik ikusita. Udazkenean laino eta hodeiek ikuskizun hau ezkuta dezakete.

Jaurerrira heltzeko, Mugairera joan beharko duzu. Jaurerriko sarreran landare-mota interesgarri asko dituen jardin botanikoa dago. Bertan dago Bertizko jauregia. Sarreran atezainak banatzen dituen arauak betetzea komeni da; jaurerria baldintza onetan horrela bakarrik mantenduko baita.

Nafarroako Gobernuak, bisitak ugaldu asmoz, hainbat hobekuntza egin du, hala nola aparkalekua, Zabala baserrian 30 ikaslerentzako albergea, 60 pertsonentzako auditorioa, Teniente etxean informazio-bulegoa, etab. Hobekuntza hauek eztabaidagarriak dira alderdi ekologikotik begiratuz gero.

Dena den, jendeak, jaurerriak duen balioaz jabetzen eta errespetatzen jakingo duela espero dut, hurrengo belaunaldiek ere inguruaz gozatzeko aukera izan dezaten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia