}

Jaiotzear dagoen izar baten ekografia

1999/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nazioarteko astronomo-talde batek hautsezko hodei baten barnean jaiotzen ari den izar baten irudiak lortu ditu lehenengo aldiz infragorrizko detektore bati esker. Floridako Unibertsitateko Elizabeth Ladak, Harvard-Smithsonian-go Charles Ladak eta Europako Hegoaldeko Behatokiko Joao Alvares-ek osatutako taldeak Barnard 68 hodei ilunaren barnean jaiotzen ari den izar bat aurkitu du, Txileko Andeetako La Silla behatokiko teleskopio bati esker. Hodei Ilunak gas eta hauts molekularrez osaturik daude eta Unibertsoko objekturik hotzenetakoak dira.

Astronomoen arabera, izarrak hautsezko eta gasezko hodei hauetan kondentsatzen dira eta tamaina eta masa kritikoa lortzen dutenean piztu egiten dira, eguzkiaren antzera. Hodei Ilunak orain arte irrati-teleskopioez detektatu dira, baina lortu diren seinaleak ez dira oso argiak izan. Infragorritik gertu dauden maiztasunetan ordea, hodeiaren barnean masa nola banatzen den ikus daiteke, eta beraz, izarren eraketa nolakoa den ikus daiteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia