Izokin transgenikoa, lasterraren aurka
2011/01/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
AquAdvantage izena du merkatura iristen lehena izateko aukera gehien duen arrain transgenikoak. AquaBounty konpainia estatubatuarrak garatu du, eta, haren esanean, izokin arrunta baino bi aldiz azkarrago hazten da: haztegiko izokin arruntak merkaturatzeko neurria (5,8 kilo) hartzeko 30 hilabete behar dituen bitartean, transgenikoak nahikoa du 15-18 hilabete.
Hazkunde hori transgen bati zor dio; hain zuzen ere, izokin transgenikoa Atlantikoko izokina da, baina Chinook izokinaren hazkunde-hormonaren genea du txertatuta bere genoman. Gene horrek proteina berbera kodetzen du, baina beste era batera erregulatzen da, eta, horri esker, arraina azkarrago hazten eta heltzen da.
AquaBountyk nabarmentzen duenez, garatu duten arrainak ez du izokinarena ez den proteinarik. Horrenbestez, ez dago alergia eragiteko arrazoirik, ezta kontsumitzaileen osasunean bestelako kalterik sortzeko arriskurik ere. Izokin arruntaren itxura ez ezik, zapore eta elikadura-konposizio berberak ere baditu. Izatekotan, aldea kalitatean egon daitekeela esan du AquaBountyk: haien haztegiak erraz jar daitezkeenez edozein lekutan, kontsumitzaileengandik gertu kokatuz gero, garraiorako distantzia eta denbora asko txikituko lirateke. Horrek izokina ezin freskoago merkaturatzeko aukera ekarriko luke.
Bestalde, arrain transgenikoen horrelako haztegi batek ingurumenean eragin ditzakeen kalteak saihesteko neurri zorrotzak hartu ditu AquaBountyk; bereziki, ihesaldi bati aurre hartzeko. Izan ere, gai horri buruzko ikerketen arabera, ihes egiteko arrisku handiena duten animaliak intsektuak eta arrainak dira. Eta ihes egindako Atlantikoko izokinen adibide ugari daude, baita haiek sortutako kalteenak ere. Esaterako, haztegiko izokinak basatiekin gurutzatzen direnean, hurrengo belaunaldia ahula izan ohi da, eta bizirauteko arazoak izaten ditu. Pazifikora ihes egindako izokinak, berriz, hango izokin-espezieekin lehiatzen dira.
Gene troiarrak eta eme antzuak
Ihesaldien ondorioekin lotuta, Purdue Unibertsitateko ikertzaile batzuek "gene troiarraren hipotesia" aurkeztu dute. Haien arabera, Aquadvantage izokin ale gutxi batzuek leku jakin bateko izokin basatien populazioa desagerraraz dezakete. AquaBountyk, ordea, erantzun du emaitza horretara iristeko ikertzaileek diseinatu duten eredu matematikoa ez dagoela oinarrituta haien izokinean, baizik eta Japoniako medaka transgenikoan. Arrain hori 56 egunean iristen da helduarora, eta, hil arte, egunero ugaltzen da. Izokinak, aldiz, 3-5 urte behar izaten ditu helduarora iristeko --baita 10 urte ere batzuek--, eta, askotan, bizialdi osoan behin baino ez da ugaltzen.
Hori alde batera utzita ere, AquaBountyk eme antzuak bakarrik sortzen ditu. Horretarako, ernaldu eta gutxira presio altua ezartzen diete arrautzei; horrela, normalean galtzen den kromosoma-multzo bat ez du galtzen, eta emaitza arrain triploideak dira, antzuak. Horrez gain, haztegiak oso seguruak dira, baina ale batzuek ihes eginez gero ere, ez lirateke gurutzatzeko eta ugaltzeko gai izango, ez beraien artean, ez izokin basatiekin ere. Gainera, naturan ez lukete biziraungo, ez baitaude ohituta janaria bilatzera eta zailtasunei aurre egitera.
Behin-behinekotik behin betikora
Hortaz, osasunaren eta ingurumenaren ikuspuntutik ahal diren neurri guztiak hartu dituela baieztatu du AquaBountyk, eta merkaturatzeko prest dagoela. Horretarako, baina, lekuan lekuko baimena lortu behar du, eta, Estatu Batuetan, FDA da horren arduraduna, hau da, sendagaien eta elikagaien segurtasunaz arduratzen den erakunde ofiziala.
Joan den udaren amaieran plazaratu zituen FDAk AquAdvantage izokinaren segurtasunari buruzko txostenak. Txostengileen arabera, izokin transgeniko horren konposizioa izokin arruntarenaren berdina da, eta, beraz, ez du eragin kaltegarririk osasunean. Hala ere, alergia sortzeko arriskurik ez duela bermatzeko proba gehiago egin behar direla esan du FDAk.
Ingurumenari buruzko txostenean ere, izokin transgenikoa segurutzat jo du FDAk. Hitzez hitz, honako ondorioa atera du: "Laburbilduz, ingurumenarekiko arriskua guztiz saihesteko, aldi bereko neurri askotarikoak eta erredundanteak ezarriko dira AquAdvantage izokinaren ekoizpenean eta hazkuntzan". Horrenbestez, ondorioztatu du ondo bermatu duela ingurumenerako segurua dela.
Alabaina, txostenen emaitzak eta ondorioak ez ziren nahikoak izan merkaturatzeko behin betiko baimena lortzeko. Izan ere, txostenak plazaratu ondoren, adituen eztabaidaren txanda izaten da. Bi eztabaida izan ziren, eta, haietan, proba gehiago egin behar zirela esan zuten eztabaidan parte hartu zuten biologo eta ekologo batzuek.
Haien esanean, sendagai batzuekin gertatu izan da ez dela ikusi kaltegarriak zirela merkaturatu diren arte, eta beldur dira arrain transgenikoekin gauza bera gertatu ote daitekeen. Bestalde, antzutzeko metodoaren eraginkortasuna % 100ekoa dela ere zalantzan jarri zuten. Hala ere, aditu batzuek irtenbide bat proposatu zuten: merkaturatzeko baimena ematea, baina genetikoki eraldatutako produktu bat dela azaltzea etiketa batean.
Neurri hori, ordea, FDAren printzipioen aurka doa, FDAk uko egiten baitio ekoizteko moduaren arabera etiketatzeari. Arauek diotenez, ekoizpen-metodoak sortu ditzakeen "diferentzia materialek" (ehundura, konposizioa...) bakarrik azaldu behar dute etiketan, ez metodoak berak. Eta, AquAdvantage izokinaren kasuan, FDAk ez du inolako alderik topatu izokin horren eta arruntaren artean.
Azkenean, azterketa gehiago egitea onartu zuen FDAk, eta, beraz, AquaBountyren izokinak ez du merkaturatzeko baimenik oraingoz.
Teknologikoki, aurrerapausoa
Hainbaten iritziz FDAren erabakia egokia izan bada ere, arrain transgenikoak merkaturatzeko lanean ari diren konpainiek etsipenez hartu dute. Hain zuzen ere, beste espezie bat ere ari da garatzen AquaBounty, teknologia bera aplikatuta; zehazki, hazkunde azkarreko amuarraina.
Estatu Batuetatik kanpo ere badaude zenbait proiektu. Adibidez, Txinako Zientzia Akademiako Hidrobiologia Institutuak aspalditik du merkaturatzeko prest azkar hazten den karpa transgeniko bat, baina hango arduradunek ez diete baimenik ematen. Antzeko egoeran daude Kuban. Han tilapia eraldatu dute genetikoki, hura ere ohikoa baino azkarrago haz dadin, eta beste herrialde batzuetan badira gaixotasunekiko erresistente izateko eraldatu diren arrainen proiektuak ere. FDAren azken erabakiaren zain daude guztiak, haiei ere eragingo dielakoan.
Egoera bestelakoa da Europan. Izan ere, baimenduta dauden arrain transgeniko bakarrak ikerketara bideratutakoak dira. Horiekin egiten du lana, adibidez, Donostiako Biobide enpresak. Carles Callol Biobideren zuzendari zientifikoaren iritziz, "zoragarria da" gene-transferentziaren teknologia neurri horretaraino garatu izana. Gizarteak arrain transgenikoa kontsumorako onartzea, berriz, erronkatzat jotzen du.
Nolanahi ere, Callolen esanean, arrain transgenikoak haztea animalien sufrimendua gutxitzeko aukera bat da, eta baita ekosistema babestekoa ere, kontuan izan behar baita, adibidez, arrantza egitean arrantzatu nahi diren arrainekin batera gainerako espezieetako beste batzuk ere harrapatzen direla sareekin. "Gainera --esan du Callolek--, horri esker jende gehiagok eskura ditzake behar dituen kaloriak eta proteinak. Hori bai, erabat ziur egon behar dugu pertsonentzat eta ingurumenarentzat segurua izango dela, eta ez duela monopolio bat eragingo".
Hain zuzen ere, merkaturatzeko baimena ematean, alderdi hori ere kontuan hartu beharko litzatekeela uste du Callolek. "FDAren eta Europako Batasuneko arduradunen irizpideak oso zorrotzak dira osasunarekiko eta ingurumenarekiko segurtasunari dagokionez, baina patenteak dituzten enpresek merkatuan duten jokabidea ere kontrolatu beharko lukete. Bestela, monopolioak sortzeko arriskua dago".
Hala ere, alde zientifikotik begiratuta, "mugarri" bat dela dio Biobideren zuzendari zientifikoak: "Izugarrizkoa iruditzen zait niri probeta-mailan hasitako proiektu bat azkenean aplikatzea eta merkatura iristea, eta, gainera, pertsonen mesederako izatea. Kontzeptu-proba bezala ere oso garrantzitsua iruditzen zait. Alegia, zoragarria da jakitea teknologia hori erabil daitekeela, kontrolatu, karakterizatu eta erreproduzi daitekeela. Litekeena da beste espezie batzuei transferitzea. Pentsa zer izango litzatekeen hemen hori egitea, antxoarekin, adibidez".
Horretara iristeko, ordea, pauso asko eman behar dira. Eta badirudi lehenengoa Estatu Batuetan eman dezaketela, AquAdvantage izokina merkaturatzea baimenduta. Noiz izango den, ikusteko dago.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia