Izarren sorrera izarrarteko espazioan
2002/04/10 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Izarrarteko espazioan dauden lainoetan sortzen dira izarrak eta planetak. Bertan, ingurune-baldintzak nahiko ezatseginak dira. Presioa oso baxua da eta tenperatura ez da -263 ºC-tik igotzen. Lainorik dentsoenetan ere molekulak oso barreiatuta daude eta molekulen arteko erreakzioak oso gutxitan gertatzen dira. Zientzialariek uste dute molekulen arteko talkak gertatzekotan, bi molekularen artean gertatzen direla eta hiruk batera talka egitea ez dela oso probablea. Hala ere, gertatzen dira eta 10 atomo edo gehiagoko molekulak aurki daitezke lainoetan.
Lainoetako molekulen % 1 izarrarteko hautsa da eta, zientzialarien ustez, izarren sorreran zerikusi handia du. Hauts-partikulak zigarro-kearen partikulen tamainakoak dira gutxi gora behera, eta silikatoz edo karbonoz osatutako materialez daude eginak. Partikulen gainazala izotz-geruza batez inguratua dago, gehienbat ur-izotza edo karbono monoxido izoztua.
Izar bat sortzen hasten denean, gasak izar berriaren nukleoan kolapsatzen hasten dira eta tenperatura igo egiten da. Une batean gasak hain bero egon daitezke, ezen nukleotik ihes egin dezaketen. Baina, berotasuna kanporantz irradiatuz gero, gas gehiago gehitu ahal da nukleoan eta izarra sortu.
Zientzialariak konturatu dira hautsaren izotz-geruza gas-gordailu ona dela eta izarren sorreran parte hartzen duten gas ugari bertatik datozela. Beraz, uste baino garrantzi handiagoa izan dezake hautsak izarren sorreran.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia