Izar-mota berria
1999/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
EEBBetako astronomoek gure galaxian oso hedaturik egon daiteken izar-mota bat aurkitu dute. Izar hauek oso argi ahula igortzen dute eta horregatik ezin dira teleskopio arruntez erraz detektatu. Zerua infragorriez aztertuz ordea, mota honetako izar ugari aurki daiteke gure inguruan American Astronomical Society erakundeak San Diegoko bileran adierazi duenez.
Orain arte zeruaren % 1 aztertu dute eta dagoeneko gure inguruan mota honetako 20 izar aurkitu dituzte. Uste dutenez izar hauek “nano marroi” erako egiturak dira, hau da, beste izarrek bezala fusio nuklearra izatera iristen ez diren gasezko bola ilunak. Beren tenperatura baxua dela eta izar hauetan beste izarretan ez dauden atomo eta molekulak egon daitezke. Era honetako izarren kopurua handia dela uste dute astronomoek, eta izarren sailkapen-sistema aldatzea erabaki dute, izar-mota honek bere tokia izan dezan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia