}

ItzulTerm, itzulpen-memoriei etekina ateratzeko doako web-zerbitzua jarri du sarean Elhuyar Fundazioak

2009/11/23 Elhuyar Zientzia

Elhuyar Fundazioko I+G+B unitateak ItzulTerm web-zerbitzua sareratu berri du, itzulpen-memoria batetik euskarazko eta gaztelerazko termino baliokideen bikoteak automatikoki erauzten dituen doako zerbitzua. Itzulpen-memoriekin lan egiten duten erabiltzaileengan dago, batik bat, pentsatua: itzultzaileak, itzulpen-zerbitzuak, terminologoak, hizkuntzalariak, euskara-teknikariak...

Erabiltzaileak bidalitako itzulpen-memoriatik termino baliokideen bikoteak automatikoki erauzten dituen doako zerbitzua da ItzulTerm. Erabiltzaileak erauzketaren emaitzak lantzeko aukera du gainera, eta nahi dituen termino-bikoteak eskuratu ditzake hainbat erabileratarako: hiztegiak sortu, itzulpen-memorien sistema hobetu, itzulpen automatikoan erabili... Gainera, erauzketa automatikoaren emaitza hobetzeko eta emaitza lantzeko edizio-aukerak ere eskaintzen ditu zerbitzuak. ItzulTerm zerbitzuaren oinarrian, Elhuyar Fundazioaren I+G+B unitateak garatutako ELexBI tresna dago. ELexBI tresnak teknika linguistikoak eta estatistikoak konbinatzen ditu termino-bikoteak automatikoki erauzteko prozesuan.

Zerbitzuaren urrats nagusiak

ItzulTerm-en bitartez, erabiltzaileak bere itzulpen-memoriei etekina ateratzeko aukera izango du, hiru urratsetan: "Erauzketa automatikoa", "Eskuzko lanketa" eta "Esportazioa". ItzulTerm-ek termino-bikoteak teknika linguistikoen eta estatistikoen bidez automatikoki erauztean datza "Erauzketa automatikoa". "Eskuzko lanketa"n, aldiz,ItzulTerm-ek bere proposamenak lantzeko aukera eskaintzen du: baliozkotzat jotzeko edo baztertzeko, emaitzak editatzeko aukera aurreratuak... Azkenik, "Esportazioa"n, erabiltzaileak baliozkotzat jo dituen termino-bikoteak deskarga ditzake, neurrira egindako hiztegi elebidun bat osatzeko.

ItzulTerm proiektuak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren diru-laguntza jaso du 2007ko IKT deialdiaren barruan.

ItzulTerm tresna honako webgunean dago eskuragarri: http://itzulterm.elhuyar.org

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia