}

Tecia Solanivora patatajale porrokatua

2002/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Patata-ereileen amesgaiztoak izen propioa du: Tecia solanivora sitsa. Jatorriz Guatemalakoa da, baina, patataren salerosketei esker, azken hamarkadan Hego Ameriketako herrialde gehienetara hedatu da, baita Kanariar irletara ere.

P.Cayre ©IRD

Hego Amerikako herrialde askotan patata oinarrizko elikagaia da, eta, beraz, eragiten dituen kalteak ez dira hutsalak. 2001ean, Ekuadorren sitsak 500.000 patata-zaku eta ereindako milaka hektareako uzta suntsitu zituen. Eta krisia ez da amaitu. Aurtengo galerak iazkoak baino handiagoak izango direla aurreikusten da.

Arazo horri aurre egiteko bi irtenbide daude: pestiziden eta intsektiziden erabilera eta ‘borroka biologikoa’.

Lehena garestiegia eta kaltegarriegia da eta, gainera, nekazari gehienek ez dute intsektizidak egoki zabaltzeko ez teknologiarik ezta materialik ere.

Egoera horretan, birologoen eta entomologisten esku gelditzen da arazoa. 1999an, Quito-ko Unibertsitateko ikertzaileek hedapenaren mapa egin, biologia ezagutu eta inbasioa ulertzeko programa bat jarri zuten abian. Azken xedea sitsaren hedapena geldiaraziko duen sistema aurkitzea da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia