}

Sari-ak ura arazteko

2003/01/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Kolerak diarrea eragiten du eta, horrekin batera, gaixoa deshidratatzeko arriskua dago. Ondorioz, hildako asko izaten dira edadeko jendearen eta umeen artean. Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, iaz 124.000 kolera-kasu izan ziren munduan, eta 3.800 heriotza.

Orain, kolera zabalduta dagoen herrialdeetan kolera-kasuak gutxitzeko, sistema berezi eta eraginkor bat aurkitu dute: ura sari zaharrez araztea. Sari -ak gutxienez lau aldiz tolestu eta ura iragazi dute bertatik. Horrela ura garbitzea lortu dute, eta kolera-kasuak erdira jaitsi dira.

Indiako eta Bangladesheko jendeak betidanik erabili izan ditu emakumeen jantzi tradizional zaharrak etxean egindako edari azukredunean egon daitezkeen intsektuak iragazteko. Eta hori ikusita bururatu zitzaien ikertzaileei proba egitea. Emaitzak ezin hobeak izan dira. Berez, kolera eragiten duen bakterioa, Vibrio cholerae , txikia da eta erraz pasatu beharko luke sari -aren poroetatik, baina uretan krustazeo txiki batzuk ere badaude, kopepodoak, eta haiei itsatsita egoten dira bakterioak. Kopepodoak bakterioak baino milaka aldiz handiagoak direnez, ez dira poroetatik sartzen, eta bakterio asko sari -an harrapatuta gelditzen dira. Gainera, koleraz gaixotzeko gutxieneko bakterio-kopuru bat hartu behar da; beraz, nahiz eta arropan ez diren guztiak gelditzen, nahikoa da kolera-kasuak erdira jaisteko.

Ikertzaileen arabera, emaitza onenak sari zaharrekin lortzen dira. Izan ere, sari zaharrak listen hasiak egoten dira; ondorioz, poro txikiagoak dituzte eta hobeto arazten dute ura.

Teknika erraz eta merke honen eraginkortasuna asko hobe daiteke sateliteen laguntzari esker. Sateliteek uraren tenperatura jasotzen dute eta, bestetik, kolera-kasuek gora egiten dute ura berotzen denean. Hain zuzen ere, Bengalako Badian uraren tenperatura igotzen denean, planktona ugaritu egiten da, eta baita hura jaten duten kopepodoak ere Bestalde, kopepodo bakoitzak 10.000 bakterio eduki ditzake itsatsita. Ikertzaileen esanean, sateliteek jasotako informazioa baliatu eta ura arazteko neurriak gogortuz gero, kolera prebenitzeko pauso handi bat eman daiteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia