Rosetta-ren bigarren helburua
2003/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Rosetta zunda zein kometatara bidaliko duten aukeratu dutela dirudi, nahiz eta xehetasun guztiak lotu arte ez duten berria ofizial egingo. Berez, Rosetta-ren helburua Wirtanen kometa zen. Zunda Ariane 5 baten bidez jaurtitzekoa zen urtarrilean eta 2012rako kometa horren azalean egotea espero zuten. Helburu nagusia kometa aztertuz eguzki-sistemaren hastapenen berri jasotzea zen.
Baina abenduan Ariane 5 batek eztanda egin zuenez, jaurtiketa ondo burutuko zen ziurtasunik ez eta atzeratu egin zen Rosetta misioa. Atzerapen horrek ezinezkoa egin du helburu zuten kometara iristea eta beste kometa bat aukeratu behar izan dute. Bigarren kometa horren izena 67P/Churyumov-Gerasimenko da, eta dagoeneko Chury ezizenaz ezagutzen da. Xehetasun guztiak lotu eta kometa hori egokia dela ikusiz gero, Rosetta 2004ko otsailean jaurtiko dute, azkenik, eta, dena ondo badoa, 2014an iritsiko da Chury-ren azalera.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia