
Gaur jakinarazi dute AZTI-Tecnaliatik abuztuan harrapatu zutela urtebete lehenago markatu eta askatu zuten atungorri bat. Atungorriari marka elektroniko bat jarri zioten, eta, horri esker, orain jakin ahal izan dute nondik nora joan den animalia, zer sakoneratan ibili den eta abar. Kasu honetan, Azoreak eta Portugal artean ibili da azkeneko urtean atungorria, 15 zentimetro luzatu da eta orduan baino 8,8 kilo gehiago ditu.
Aurrez markatutako arrainak eskuratzeak aukera ematen du arrain-espezie horien jokabidea eta eskakizunak ezagutzeko. Markatzeko eta markatutakoak harrapatzeko, hainbat laketontziren eta arrantzaleren laguntza izan dute AZTI-Tecnalian —orain arte, 123 ontzi izan dituzte lankide—.
Irudia: AZTI-Tecnalia
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.