Elhuyar zientziaren komunikazioa

Iñaki Antigüedad-ekin solasean

1987/06/01 Oilarra, A. Iturria: Elhuyar aldizkaria

Udako Euskal Unibertsitatearen Iruñeko XII. ekitaldian zehar egin genituen elkarrizketei jarraipena ematen diegu. Ale honetara, Iñaki Antigüedad geologoaren eritziak ekarri ditugu.

Elhuyar.- Gaur UEU-ko ekitaldiaren barnean zure doktorego-tesiaren agerpena egin duzu. Laburbilduko al diguzu zertaz diharduen zure doktorego-tesiak?

Iñaki Antigüedad.- Tesiaren izena, apur bat luzea izan da: "Nerbioi/Ibaizabal arroaren azterketa hidrogeologikoa: sistema akuifero karstikoen ikerketari ekarpena". Nolabait izenean agertzen denak edo hor dagoen banaketak argi adierazten du gero tesiaren mamian bertan ere aurki daitekeen banaketa hori. Hain zuzen maila bitan egin dut nik ikerketa; batetik Ibaizabaleko ikerketa hidrogeologikoa egin dut. Horretarako, ba bueno, lurralde konkretu bat (Bizkaia eta Arbako Lurraldea) hartu dut. Nerbioi eta Ibaizabal ibaiek osatzen duten arroa juxtu bi ibai horiek batzen diren tokiraino hartu dut.

Arroa ia ia 1000 km 2 -koa edo dela uste dut; 950 km 2 -koa konkretuki. Lana zerotik hasi dugu, zeren orain arte behintzat ez bait zegoen inolako ikerketa hidrogeologikorik. Ikerketa, arro guztian ibiliz, ikusiz eta datuak jasoz egin dut. Horrela horko litologia edo horko formazio geologiko guztietan azaltzen diren uren karakterizazio hidrokimikoa lortu da eta formazio guztiek hidrogeologiaren aldetik interesik ez dutenez, formaziorik permeable edo iragazkorrenak dira baliagarrienak. Beraz, mugatu egin ditugu alde iragazkor horiek zeintzuk diren. Material iragazkorrenak eta hiru unitate handi bereiztu ditugu. Hirutatik bi unitatetan, material karbonatodunak daude (kararrizko formaziotan hain zuzen, Itxinakoa eta Aramotz-Anboto).

Gero hirugarren unitatea, oso interes handikoa da, lurpeko uren edo hidrogeologiaren aldetik begiratuta. Oiz mendialdea da unitate hori. Oiz mendialdeko materialak, ez dira kararriak; harearriak dira, baina oso interesgarriak. Arroaren beste material guztiek, izan dezakete garrantzi konkretua ur-problema konkretu bati erantzun konkretua ematerakoan. Bai, baina hidrogeologiaz ari garenean, emari handiaz eta ur-kantitate edo bolumen handiaz ari gara, eta material horiek ez dute handirik.

Beraz batetik zerotik hasi eta karakterizazio hidrokimiko orokorra eginda eta bestetik interes hidrogeologikorik handieneko alderdiak mugatu eta alderdi horietan sare hidrometrikoa jarri da. Emariak edo kaudalak kontrolatzeko, zenbait neurgailu jarri dira hor. Iturburu batzuetan, eta erreketan zehaztu ere egin dira (kuantifikatu) errekurtsoak; zenbat ur sartzen den, zenbat ateratzen den, nondik, etab. Beraz ikerketa hidrogeologiko arrunta izan da alde horretatik. Gero tesian beste bigarren ikerketa-maila bat ere badago. Hor ikerketa hidrogeologikoa baino gehiago matematikoa edo egin da.

Kontua zera da: jarritako neurgailu horiek eman duten informazioa, azken batez emariaren kontrol etengabekoa izan da. Hiru urte t'erdiz egon gara etengabe datuak kontrolatzen. Oraindik ere jarraitzen dute, baina tesirako hiru urte t'erdiko epea hartu dugu. Hortik beraz, datu pilo bat ateratzen da. Bestetik bostehunen bat analisi kimiko ere egin ditut eta bakoitzean igoal 20, 25, 30 determinazio-elementurena. Guzti hori ere, datu-kopuru handia da eta datu horiek berez barruan gordetzen duten informazio hori atera ahal izateko, beste ikerketa bat egin da. Zer metodologia, zer bide matematiko erabil daitezke informazio horretaz baliatzeko? Eta hori izan da bigarren ikerketa-maila. Hor matematika aldetik analisi-mota bi aplikatu dira batez ere; oso inportanteak.

E.- Beste maila batera etorrita eta tesia alde batera utzita; Euskal Herrian geologoak ez dira oso ezagunak. Biologo, kimikari eta fisikariez pixka bat entzuten da, gutxitan bada ere. Geologoez ordea ezer gutxi entzuten da Euskal Herrian. Zein da Euskal Herrian egiten diren Geologi lanen egoera gaur egun?

I.A.- Geologia, egia da, irakaskuntza unibertsitarioan anaia txikia edo txikienetarikoa izan da. Oso geologo gutxi egon da eta egon diren gutxi hauek kanpora atera ez direlako. Oso gutxitan ikusi da Geologiaren helburu praktikoa. Baina Zientzi Fakultatea bada eta horretan dauden betiko bost atal horiek konparatuta, zenbat jende ateratzen da lizentziatu urtero eta zenbat hasten da (irakaskuntza aparte utzita) bere espezialitatean lanean? Azken hiru urte hauetan handik atera eta beren espezialitatean lanean gehien topatu dutenak geologoak izan dira.

Eta kontua zera da: gaur egun (eta ez Euskal Herrian bakarrik; mundu-mailan baizik), Geologiak aurrerapen itzela egin du eta azken batez errekurtsoen problematika azaltzen da: erregaiak... petrolioa, gasa edo beste era guztietako mineralak. Gaur egun ura bera ere mineral kontsideratzen da, nahiz eta solidoa ez izan. Gaur egun diru asko ari dira inbertitzen naturak eskaintzen dituen errekurtso horiek ahalik eta modu egokienean ezagutzearren, eta horretarako geologoak behar dira, ez?

Euskal Herrian badira geologi enpresa pribatuak, eta estatu-mailan nik esango nuke... beno meagintzan ere bai eta nik uste dut apostu handia egin duela Administrazioak; Energiarako Euskal Erakundea sortu denetik batez ere. Hor geologoak sartu dira. Beraz egia da ez garela ezagunak. Harriak oso abstratuak dira, baina harriek gordetzen dituzten aberastasunak, horiek oso inportanteak dira.

Azken batez sistema ekonomiko guztiak eta nazio guztietan (batez ere nazio garatuetan) aurrerabide horiek beti daude lurrari kendutako errekurtsoetan oinarrituta. Beraz edozein plangintza ekonomikotarako oinarria beti errekurtso naturala da. Eta horretan geologoak, bakoitzak bere espezialitatean, badauka zer esanik.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia