Elhuyar zientziaren komunikazioa

Ilargira, metroa hartuta

2007/03/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Harrigarria badirudi ere, NASAk neurri-unitate anglosaxoiak erabiltzen ditu, hau da, miliak, hazbeteak, oinak, librak... Ez beti, hala ere, batzuetan sistema metrikoa ere erabiltzen baitu; areago, biak nahasita ere erabiltzen ditu hainbat misiotan. Hemendik aurrera, ordea, Ilargiko misioetan sistema metrikoa bakarrik erabiltzea erabaki du NASAk.

Hainbat herrialdetako espazio-agentzientzat, Ilargia helburu nagusia da orain.
(Argazkia: NASA)

Izan ere, unitate-sistema biak nahasita erabiltzeak ondorio latzak ekar ditzake. Hori garbi gelditu zen, adibidez, Marteko orbitatzaile klimatikoa galdu zenean. Nonbait, neurriak nahasteagatik gertatu zen akatsa: propultsatzailea aktibatzeko informazioa eman zuen kontratistak unitateen sistema anglosaxoia erabili zuen, eta NASA , berriz, sistema metrikoan ari zen lanean.

NASAk hartu duen erabakiarekin, beraz, desagertu egingo da halako akatsak izateko arriskua, Ilargiarekin zerikusia duten misioetan behinik behin. Beste ondorio onuragarri batzuk ere ekarriko ditu, gainera. Esate baterako, ilargia helburu duten beste espazio-agentziekin elkarlanean aritzea erraztuko du.

Bakar batzuen sistema

Grisez ageri diren lekuetan sistema metrikoa erabiltzen da, eta gorriz daudenetan, berriz, neurri-unitate anglosaxoiak batez ere. Ilargia eskalan azaltzen da.
(Argazkia:NASA)

Neurri-unitate anglosaxoiak ez dira asko erabiltzen zientzian; zehazki esateko,Estatu Batuetan, Liberian eta Myanmarren bakarrik erabiltzen dira. Gainerako leku guztietan sistema metrikoa erabiltzen da, eta orain, baita Ilargian ere. Hori dela eta, badago esaten duenik sistema metrikoak garaipen handia eskuratu duela erabaki horrekin, % 27 handitu baitu bere esparrua eguzki-sisteman.

Txantxak txantxa, NASAk beste hamahiru espazio-agentziarekin egin zituen bileretatik atera zen erabakia. Bilera horien helburua zen espazio-agentzien arteko koordinazioa eta elkarlana sustatzeko bideak sortzea, Ilargirako misioetan. Estatu Batuek sistema metrikoa erabiltzen hastea zen, hain juxtu, hasierako eztabaida-gaietako bat.

Hala, neurri-unitate anglosaxoia baztertzeko erabakia gogoz txalotu zuten hamahiru espazio-agentzia horien arduradunek, ESAkoek eta Australiako, Kanadako, Txinako, Alemaniako, Britainia Handiko, Frantziako, Indiako, Italiako, Japoniako, Errusiako, Hego Koreako eta Ukrainiako espazio-agentzietako arduradunek, hain zuzen.

Denek neurri-unitate berak erabiltzeak elkarlana erraztuko du.
(Argazkia:NASA)

Hala, neurri-unitate anglosaxoia baztertzeko erabakia gogoz txalotu zuten hamahiru espazio-agentzia horien arduradunek, ESAkoek eta Australiako, Kanadako, Txinako, Alemaniako, Britainia Handiko, Frantziako, Indiako, Italiako, Japoniako, Errusiako, Hego Koreako eta Ukrainiako espazio-agentzietako arduradunek, hain zuzen.

Nahiz eta herrialde horien artean badagoen nolabaiteko lehia Ilargirako misioen gainean, neurri batean elkarrekin aritzeko asmoa dute, eta, zalantzarik gabe, denak neurri-unitate berak erabiltzeak erraztu egingo du elkarlana. Adibidez, base iraunkor bat jarri nahi badute, agentzia batzuek eta besteek egingo dituzten ekarpenak bateragarriak izango dira, eta ez da arazorik egongo, esaterako, piezak ordezkatzeko.

7K-n argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia