Ilargiaren geologia hobeto ezagutzeko aukera ematen ari da Chang’e-5 misioa

2021/10/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Chang'e-5 misioak lur hartu zuen lekua. Arg. CNSA

Txinako ikertzaileek Chang'e-5 misioak ekarritako ilargi-laginak aztertu dituzte, eta Ilargiko arroka gazteena 2 mila milioi dituela kalkulatu dute; hau da, gutxienez ordura arte, Ilargia geologikoki aktiboa izan zela frogatu dute, eta Ilargiko bolkanismoak uste zutena baino gehiago iraun zuela erakutsi dute; lehen baino 800-900 milioi urte gehiago, hain zuzen. Ikerketen emaitzak hiru artikuluren bidez argitaratu dituzte, Nature aldizkarian.

Joan den urtean, Txinako Chang'e-5 misioak Ilargiaren laginak hartu zituen; guztira, 1.731 gramo. Azken 40 urtetan jaso den lehen lagina izan da. Apollo misioetan hartutako arroka gazteenak 2,8-2,9 mila milioi urte inguru zituen. Alabaina, informazio osoagoa izateko, lagin gehiago behar ziren; hortaz, Chang'e-5en zereginetako bat Ilargiaren jarduera magmatiko gazteena aztertzea da.

Azaldu dutenez, Ilargiari teleskopio baten bidez begiratzen diogunean ikusten dugun azalera, milaka milioi urtetan asteroide askok harekin talka egitearen ondorioz sortu da. Eskualde zaharrenek talka-krater gehiago izan dituzte denborarekin, eta arroka gazteagoak dituzten eskualdeek krater gutxiago dituzte. Horretaz baliatuz, ikertzaileek Oceanus Procellarum izeneko lekua aukeratu zuten Chang'e-5 misioak lurreratzeko, Ilargiaren azken sumendi-erupzio baten lekuko izango zelakoan. 

Erradioisotopoen azterketaren bidez, 47 arroka zati aztertu ditu taldeak, eta Ilargiko arroka gazteena 2 mila milioi urtetan datatu du. Espero zutena baino gazteagoa denez, horren zergatia ere ikertu dute. Hipotesietako bat bero-iturri bat egitotea litzateke, baina ez dute horren ebidentziarik aurkitu. Beste hipotesi batean, mantuaren ur-kantitatea da gakoa. Litekeena da mantuak ur asko izatea, eta horren eraginez irautea bulkanismoak hainbeste denboran. Ez dute ezer ziurtatzerik izan, ordea. Hori jakiteko, Ilargia esploratzen eta laginak aztertzen jarraitu behar dela esan dute ikertzaileek.