Harrapakin-puska aurkitu dute iktiosauro baten urdailean

2020/08/20 Gallego Moya, Juanma - Kazetaria Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Ryosuke Motani

Duela 240 milioi urte, Triasikoan, iktiosauro batek bera baino zertxobait txikiagoa zen beste itsas-narrasti bat jan zuen. Azken mokadu hori hartu eta gutxira, baina, iktiosauroa zendu zen, eta bai harrapakariaren zein harrapakinaren arrastoak fosilizatuta geratu ziren. 2010ean aurkitu zuten fosil bitxia, Txinako hego-mendebaldean, eta orain argitaratu dute horren deskribapen osoa iScience aldizkarian.

Sabelean kontserbatutako harrapakina Thalattosauria ordenako animalia zen. Iktiosauroa baino argalagoa izan arren, luzeran antzekoak ziren: harrapakariak bost metro zituen; harrapakinak, lau. Horiek horrela, iktiosauroa kate trofikoaren goiko aldean zegoelako ideia indartuta ateratzen dela babestu dute ikertzaileek.

Orain arte ez zegoen argi iktiosauroek garaiko kate trofikoan betetzen zuten rola. Halakoetan, paleontologoak fosilaren ezaugarrietan zein gaur egun bizi diren animalietan abiatu behar dira. Iktiosauroen kasuan, hortzak ez dira oso zorrotzak, baina baraila indartsua dute, krokodiloen antzera. Zefalopodoak jaten zituztela suposatzen zen, baina ez zegoen argi norainoko gaitasuna zuten bestelako harrapakin handiak eskuratzeko. Oraingo aurkikuntzak egoera argitzen lagundu du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia