Australiako hainbat unibertsitateko ikertzaileek egindako azterlan batek iradoki du, 1788ko europar inbasioaren aurretik, kontinenteko populazioa 2,22 milioi lagunekoa zela. Zifra hori oso urruti dago aurrez egindako kalkuluetatik, zeinak adierazten baitzuten bertako populazioa 250.000 eta milioi bat pertsona artekoa zela.
Egileen esanetan, Australian lehen erroldak egin ziren garairako, bertakoen populazioa oso ahulduta zegoen gaixotasunen eta indarkeriaren eraginez. Horregatik, aurrez egindako populazio-estimazioak baxuak ziren.
«73 urteren buruan, jatorrizko biztanleen % 7k soilik biziraun zuen»
Kalkulu berria egiteko, ikertzaileek behaketa etnografikoak eta azterketa arkeologikoak eta genetikoak berrikusi dituzte. Horrez gain, kontinente osoan bizi zitezkeen pertsonen populazio-tamaina maximoa kalkulatu dute. Emaitzek erakutsi dute lehen erroldek ondorioztatu zutena baino askoz handiagoa zela kolonizazioaren aurreko populazioa.
Estimazio hori izanda, eta kopuruak lehen erroldekin bat egiteko, hurbilketa berriak iradokitzen du, Lehenengo Flotaren iritsieratik 73 urteren buruan, jatorrizko biztanleen % 7k soilik biziraun zuela, eta urtean 28.200 pertsona hil zirela.
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia



