Ikerketa-mailan puntan
1995/06/01 Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Elhuyar: “Altzairuen zailtasuna hauskor/harikor trantsizioan” Elhuyarrek aurki kaleratuko duen ikerketa-lanaren izenburua da. Altzairua material ezaguna izanik ere, zer ikertu handia dagoela jakiteak harritu egiten gaitu. Zailtasuna ez al da orain arte ikertu?
CEIT: Ikerlariek ezezik, herritarrek ere oso ongi ezagutzen dute altzairua. Euskal Herrian erabilpen askotara egokitu izan den tradizio handiko sektorea da. Guk erabilpen horiek hobetzeko egiten dugu lan. Altzairu egokia eta merkea lortzen saiatzen gara, gero enpresetan erabil dezaten. Altzairuaren mikroegitura aztertzen dugu, bere ezaugarri guztiak. Gogortasuna eta erresistentzia, esaterako, oso ongi ezagutzen ditugun parametroak dira. Aitzitik, ez da horrela gertatzen ezaugarri guztiekin. Zailtasuna da gutxien ezagutzen dena. Altzairua hautsi baino lehen zurgatzen duen energia zein den jakin nahi izan dugu, hau da, altzairuaren zailtasunean eragiten duten faktoreak ulertu nahi izan ditugu.
Elhuyar: Non erabiliko dira ikerketaren emaitzak?
CEIT: Hasteko, Euskal Herrian. CAF, GSB Afora, Tubos Reunidos enpresetan, adibidez. Altzairuarekin lan egiten duten enpresekin elkarlanean aritu gara emaitza horietara iritsi baino lehen. Zorionez, ikerlarion eta teknikoen arteko komunikazio-fluxua gero eta aberatsagoa da. Garai batean mesfidantza nagusi bazen ere, gaur egun elkar ulertzera iritsi gara eta horixe izan da ikerketaren ekarpenik garrantzitsuena.
CEIT-eko Material-Saila ikerketa-mailan puntan aritu izan da beti. Gure ikerketen oinarria produkzio-prozesuan sartzen diren aldagaiak ezagutzea eta gerta daitezkeen akatsak zuzentzea da, hau da, prozesua menperatzea. Aldagai horiek ezagutzea eta optimizatzea enpresetako teknikoen eskutan dago neurri handi batean. Gaur egun prozesua informatizatuta dago eta horri esker ikerlariak eta teknikoak hurbilago daude. Jadanik ez da zientzia eta industriaren arteko banaketa bortitz hori gertatzen. Industriak dituen beharrak guri transmititzen dizkigu eta guk horiek konpontzeko bide teorikoak jorratzen ditugu. Bestela esanda, teoriak praktikaren optimizazioa dakarrela baieztatu egiten da.
E lhuyar: Askoren iritziz, ordea, altzairua agortutako materiala da jadanik, eta material berriek ordezkatu egingo omen dute.
CEIT: Behar bada, altzairuak orain dela urte batzuk zuen nagusitasuna galdu egingo du eta material berriekin borrokatu beharko du merkatuan. Materialen erabilpena eremu dinamikoa da. Material guztiek beren lekua aurkitu beharko dute eta baita altzairuak ere. Ikerketak bide berriak jorratzeko eta merkatu berrietara iristeko aukera emango dio Euskal Herriko enpresei.
Elhuyar: Erronka berriaren aurrean zein egoeratan daude euskal enpresak?
CEIT: Beste asko baino tenore hobeagoan. Gipuzkoako altzairugintza tradizionala leku pribilegiatuan aurkitzen da etorkizuneko zezenari adarretatik heltzeko. Gipuzkoan, izan ere, birziklapenean oinarritutako altzairugintza landu izan da betidanik. Labe garaietako lehengaia minerala den bitartean, Gipuzkoan txatarra landu izan da, besteen “hondakinaz” baliatzen delarik. Gaur egun, Europa osoan joera hori nagusitzen ari da eta gu, urteetako esperientziari esker, puntan egon gintezke. Horren adibiderik argiena Sestaon bertan daukagu. Labe garaia itxi egin dute eta altzairutegi elektrikoa jarri dute. Ez da kasualitatea. Labe garaiak eskulan merkea duten herrialdeetan ipiniko dira eta, dakigunez, hori ez da Euskal Herriko kasua. Gure enpresek lehiakorrak izateko teknologiaren garapenaren alde egin beharko dute apostua.
Elhuyar: Gure irakurleek aurki izango dute eskuartean altzairuaren zailtasunari buruz egin duzuen ikerketa-lana. Euskaraz kaleratu duzue. Askoren iritziz, horrek mugatu egin dezake bere zabalpena...
CEIT: Ikerketaren jatorria euskaraz emandako ikastaroak eta tesiak dira, batetik, eta euskaraz funtzionatzen duten enpresak bestetik. Euskal industriarentzat egindako lana da. Jadanik ingelesez zati batzuk argitaratu ditugu, baina bere osotasunean euskaraz ikusiko du argia. Elhuyarrek eskaintzen digun aukera ezin hobeaz baliatzea bide koherentea iruditu zaigu. Euskal Herrian euskaraz egiten den puntako ikerketa mundu osoan erabiliko dela jakiteak guztiontzako irakaspena da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia