}

Ig Nobel sariak, Nobelak baino dibertigarriagoak

2002/10/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Urtero, Nobel sariak iragartzen diren garai berean, Ig Nobel sari alternatiboak banatzen dira. Ez dira besteak bezain ospetsuak eta ez dute haien izen ona, baina gai dira hasieran irribarrea sortu eta gero pentsarazteko. Hori da antolatzaileek diotena.
Antzinako eskulturetan, ezkerreko barrabila eskuinekoa baino handiago dela nabaritzen da. Naturan, aldiz, kontrakoa gertatzen da.

Ig Nobel sariak errepika ezin daitezkeen edo errepikatzea komeni ez diren ikerketei ematen zaizkie. Saritutako ikerketa guztiek hasiera batean irribarrea sorrarazten badute ere, gerora zer pentsatua ematen omen dute. Argi dago, beraz, ez direla ohiko ikerketak izaten sarituak.

Sari horiek zientzia eta umorea uztartzen dituen Annals of Improbable Research aldizkariak antolatzen ditu. 1991. urtetik banatzen dira, eta guztira hamar sari ematen dira, bat hauetako arlo bakoitzeko: biologia, fisika, diziplina artekoa, kimika, matematika, literatura, bakea, higiene, ekonomia eta medikuntza. Sari-banaketa Cambridgeko Harvard Unibertsitatean egiten da, eta irabazleek benetako Nobel saridun baten eskuetatik jasotzen dute beren saria. Aurten, besteak beste, Dudley Herschbach eta William Lipscomb 1986ko eta 1976ko Kimikako Nobel saridunak izan dira sariak ematen. Ez da, ez, ohore makala!

Saritutako ikerketak xelebreak badira, sari-banaketako jaialdia ere umoretsua eta oso entretenigarria izaten da. Hitzaldiak abestiekin eta ikuskizunekin tartekatzen dira, eta zenbait zati beste hizkuntza batzuetara itzultzen dira aldi berean: italierara, alemanera, portugalerara, errumanierara eta umeen hizkerara. Irabazleek hara joateko bidaia beren poltsikotik ordaintzen duten arren, gehienek oso gustura hartzen dute sarituak izan diren berria.

Hona hemen aurtengo Fisikako saria irabazi duen ikerketaren ondorioa: garagardoaren aparrak gainbehera esponentzialaren legea betetzen du.

Biologiako sariaren irabazleek, adibidez, poz-pozik jaso dute izendapena, eta oso harro daudela adierazi dute. Ikertzaile britainiar horiek hegazti-granjetako ostruken sexu-portaera aztertu dute. Zehazki, gizakiak begira egoteak nola eragiten dieten ikertu dute eta gizakiaren aurrean aztoratu egiten direla frogatu dute. Ikerketa hori granjako hegaztietan espezializatutako aldizkari batean argitaratu zuten.

Fisikako saria, berriz, hurbilagokoa egingo zaio bati baino gehiagori, eta agian interesgarriagoa ere irudituko zaio. Izan ere, Municheko Unibertsitateko fisikari batek garagardoak denborarekin aparra nola galtzen duen aztertu du. Galera horrek lege bati jarraitzen diola frogatu du, gainbehera esponentzialaren legeari, hain zuzen ere.

Diziplina arteko saria Sydney-en egindako inkesta batek irabazi du. Inkesta zilborreko ileen ingurukoa zen, eta zenbat ile zituzten, zein koloretakoak ziren eta non zeuden (barruan ala kanpoan) galdetzen zuten. Erantzuleek haien adina eta sexua ere esan behar zuten; beraz, ikerketa nahiko osatua zen. Emaitzaren arabera, % 66k ditu ileak zilborrean, eta horietako gehienak gizonezkoak dira.

Ba al duzu ilerik zilborrean? Zenbat dituzu, nolakoak dira? Horixe aztertu dute Diziplina arteko saria jaso dutenek.

Kimikako saria Ilinoiseko ikertzaile bati eman diote, lau hankako taula/mahai periodikoa egin duelako. Ingelesez table hitzak bai taula bai mahaia adierazten duenez, horrekin jokatu du. Hortaz, hitz-jokoan oinarritutako lan horrekin irabazi du kimikako saria.

Matematikakoa Indiara joan da. Hango bi zientzialarik metodo matematiko bat asmatu zuten, Indiako elefanteek guztira zenbateko azalera hartzen duten neurtzeko. Kontuan izanda metodo hori duela 12 urte argitaratu zutela albaitaritzako aldizkari espezializatu batean, eskertzekoa da aspaldi egindako lanari ere arreta jartzea. Baliteke ordutik hona elefanteen azalera aldatu izana, baina, saria irabazi duenez, metodoak baliagarria izaten jarraitzen duela dirudi.

Literaturakoa oso praktikoa da, eta batez ere ikasleek ikusiko dute horren balioa: AEBetako bi ikertzailek testua aurrez gaizki azpimarratuta egotearen eragina aztertu dute. Ikasteko garaian, askotan markatzaile fluoreszenteak erabiltzen dira, eta, noski, horiekin azpimarratutakoa zuzena ez bada, edo garrantzizkoena azpimarratu gabe gelditu bada, emaitza oso kaxkarra izan daiteke.

Bakearen saria Japoniako ikertzaile-talde batek irabazi du, espezieen arteko komunikazioa eta harmonia errazten duen gailu bat asmatzeagatik: zakurraren zaunka zuzenean japonierara itzultzen duen tresna automatiko bat asmatu dute. Zakurrak lepotik zintzilik eraman behar du gailuaren zati bat. Zaunka egiten duenean, ordenagailu batek hura itzultzen du, eta, berehala, jabeak telefono mugikor baten antzeko aparatuaren bidez irakur eta entzun dezake zakurrak adierazitakoa. Tresna merkatuan dago, eta, Japoniatik kanpo ale gehiegi saldu ez diren arren, han nolabaiteko arrakasta izan du.

Higienearen saria Tarragonako asmatzaile batek irabazi du. Eduardo Segurak katuak eta zakurrak garbitzeko garbigailu bat egin du. Lavakan izena du garbigailuak, eta dutxa moduko bat da, baina erabat itxia. Bertan zakurra edo katua sartu, eta xabondu, ureztatu eta lehortu ondoren, txukun-txukun ateratzen da. Horrek ere arrakasta izan du merkatuan. Antza denez, mundu osoko ikertzaileak eta asmatzaileak asko arduratzen dira zakurretaz.

Amodio-jokoetan ari direnean, ostrukei ez zaie batere gustatzen jendeak begiratzea.

Matematikako saria hainbat enpresaren zuzendarien eta auditoreen eskuetara joan da, matematikako zenbaki irudikarien kontzeptua negozioetara aplikatzeagatik. Enpresa horien artean, Enron, WorldCom, Xerox, eta Arthur Andersen daude, besteak beste. Ziurrenik, saridun guztien artean, horiek izango ziren gutxien poztu zirenak.

Bukatzeko, Medikuntzako saria Nature zientzia-aldizkari ospetsuan 1976an argitaratutako lan bati eman diote. Ikerketa horretan, antzinako eskulturetako gizonezkoek ezkerreko barrabila eskuinekoa baino luzeagoa dutela azaltzen da. Alabaina, naturan kontrakoa gertatzen da. Beraz, eskulturagileek beren obrak gaizki egin zituztela frogatu du ikertzaileak. Saritzeko moduko azterketa sakona eta zorrotza, alajaina!

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia