Elhuyar zientziaren komunikazioa

Concorde-a, handitasun-amets baten hamar urteak

1986/06/01 Sagarna, Andoni - Ingeniaria Iturria: Elhuyar aldizkaria

Joan den urtarrilean Concorde -ak hamar urte bete ditu hegalaldi komertzialak egiteaz. Altuen eta azkarren hegan egin nahi zuen abioi polit-luxe honek, aldeko eta kontrako asko izan du. Atlantikoa lau ordutan gurutzatzen duen txori teknologiko liluragarri honek, eztabaida sortzen du jendartean oraindik ere.

Concorde-a 1962. urtean jaio zen Frantziako eta Britainia Handiko gobernuak ados jarri zirenean, altuen eta azkarren hegan egingo zuen abioi komertzial baten proiektua martxan jarri zutenean. Proiektua handia zen eta teknologia desafio latzaren aurrean jartzen zuen. Desafioa ez zen teknologikoa soilik izan; ekonomikoa ere bazen.

Hasiera batean projektuaren kostua £90 milioi ingurukoa izango zela pentsatu zuten eta bukaeran £1500 bilioikoa izan zen. Gainera Concorde-ak ez du abioi-konpainien estimaziorik lortu. Bi bakarrik dira munduan Concordea erabiltzen dutenak: Air France eta British Airways konpainiak. Hau ez da oso marka ona!

Hitzarmenaren sinatzailetako bat, orduko Britainiar aire-ministroa, harro dago Concordeaz "Concordea, itzelezko lorpen teknologikoa izan da. Ez gara ilargira iritsi, baina Concordea eta hegalaldi supertsonikoa ditugu".

Beste batzuk ez daude horren baikor; Geoffrey Night esaterako, Concordearen proiektuan lanean aritu zena. "Proiektua orain hasi beharko bagenu, desberdina egingo genukeen. Lau kontratatzaile nagusi genituen. Hau da, bi fuselaiarako, bi motorearen eraikuntzarako, bi gobernu eta nagusirik ez. Bi muntai lerro izateak, ikuspuntu komertzialetik, ez zuen zentzurik eta seguraski garapen-kostua bikoiztu egin zuen".

Hegalaldi supertsonikoaren arazo honetan badago bestalde datu adierazgarri bat. Iparramerikarrak, teknologiaren gailurrean egonik, zergatik ez ziren honelako lan batean hasi?

Concordearen gidatze-kabina.

Sir Archibald Russell-ek, Concordearen diseinatzaile britainiarrak, honela argitu du arazoa: Guk asmatu egin genuen. Guk abiadura posiblerik azkarrena Mach 2-a zela esan genuen (Mach 1 = soinuaren abiadura). Amerikarrek Mach 3,5-a nahi zuten eta fuselaia titanioz soilik egin zezaketela pentsatu zuten. Mach 2-a, aluminio-aleazioz lor daitekeen abiadurarik handiena da. Amerikarrak anbiziosoegiak izan ziren".

1969.ean Concordearen prototipoek, frantsesak zein britainiarrak, beren lehenengo hegalaldiak egin zituzten. 1970.ean biek Mach 2 abiadura lortu zuten. Arazo teknikoak konpondu gabe zeuden artean. Irakur ditzagun Brian Trubshaw-en garai bateko British Airways Jets-eko pilotoen buruaren hitzak: "Mach 2-ko abiaduratik jaisterakoan, eztanda ikaragarria izaten genuen. Gu, noski, ez geunden horretara ohituta, beraz hirugarren Mundu-Gerra sortua zela pentsatzen genuen. Arazoa zera zen: abioi militarretan ezaguna zena, ez zela onargarria pasaiarien garraiorako. Gure arazorik latzena hau izan zen".

Concordearen arazorik latzenak ordea, finantzarioak izan ziren. Gobernu britainiarrak gero eta sarriago aztertu zuen proiektua bertan behera uztea, kostuak gora zihoazen heinean. Tony Benn-ek, orduko gobernu laboristetan ministro izandakoak, azaltzen digu arazoen muina. "Egia esateko, Concordeari Macmillan-ek eman zion hasiera, gu (Britainia Handia alegia) Merkatu Komunean sartzearren. Hala ere Macmillan-ek ez zuen frantsesengan konfidantzarik. Horregatik, frantsesek kontratuan "hauste-klausula" bat ipini nahi zutela adierazitakoan, ezezko biribila eman zuen. Beraz, 1964.ean gobernu laborista lanean hasi zenean, eta kontratua hausteko posibilitateak aztertzean, hauste-klausularik ez zegoenaz ohartu ginen».

Britainiaren aurka jartzeko modua egonik ere, Concordeak jarraitu egin zuen bidean ageritako oztopo guztiak gaindituz. 1976.eko Urtarrilaren 21ean bere lehenengo hegalaldi komertziala burutu zuen, Londres-etik Bahrein-era. Zera dio Norman Todd kapitainak, hegalaldi hartaz: "Gugan presio ikaragarria zegoela gogoratzen dut. Zenbait bidaiari inoiz abioi supertsonikoan hegan egin gabea zen eta zer gertatu behar zuen ikusi nahi zuten. Zaila zen gure indarrak lanean erabiltzea. Baina erabili genituen".

Concordearentzako trabak, ez ziren horrenbestez bukatu. Amerikarrek lurrartzea debekatu egin zioten eta ingurugirozaleek ez zeuden oso ados abioiaz; ozenegia zen. Traba moralak jartzen zizkiotenak ere bazeuden, Birmingham-eko apezpiku den Hugh Mozitefiorek adibidez honela zioen: "Aro teknologikoaren ikur tragikoa da; jende osasuntsua oso garesti eta ozenki garraiatzea baino erabilpen hobea izan dezakeen teknologia batena".

Amerikarren jarrera laster aldatu zen, eta 1976.aren erdirako, lurrartzeko baimena lortu zuen.

Hor daukagu gaur, munduko bidaiarientzako abioi supertsoniko bakarra, bi aire-konpainiek soilik erabiltzen dutela. Concordea airean jartzeko esfortzua alferrikakoa izan ote den gure buruari galdetzea ez da ba galdera makala!

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia