}

Hotza, bihotza osatzeko

2002/01/22 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Angioplastia baino hobea den krioplastia aurkeztu dute terapia baskularrei buruz Miamin egiten ari den sinposioan.

Angioplastia bihotzeko arteria buxatuak osatzeko ohiko teknika da. Muturrean ponpa txiki bat duen kateterra buxatutako arteriaraino eramaten da, puztu egiten da eta buxadura zabaltzea lortzen da. Miamin aurkeztu duten krioplastia berdin-berdin egiten da, baina ponpa puzteko gatzezko disoluzioa erabili ordez, oxido nitrosoa (NO) erabiltzen da.

Oxido nitrosoa irriaren gasa da, baina kasu honetan ez du barrerik eragiten. Arteria buxatzen duen geruzaren tenperatura -10 ºC-ra jaitsarazten du eta zelulen apoptosia –zelulen suizidio programatua– eragiten du. Teknika Kaliforniako El Camino ospitalean garatu dute eta, bertako James Joye medikuaren arabera, angioplastiak baino kalte txikiagoa eragiten dio buxatutako arteriari. Krioplastia angioplastia bezain segurua dela ziurtatu du, angioplastiaren arrisku berekin, baina albo-ondorio gutxiagorekin.

Izan ere, angioplastiak orbainak utzi ohi ditu arterietan eta hantura eragiten du. Ondorioz, maiz arteriak berriz buxatzen dira, eta bigarren ebaketa egin behar izaten da. Krioplastiarekin, aldiz, arteriaren paretek gutxiago sufritzen dute eta albo-ondorioak saihesteko aukera gehiago daude.

Krioplastia Europan eta Hego Amerikan probatu da hanketako arterietan. 15 lagun tratatu dituzte eta, bederatzi hilabete pasatuta, 12k ez dute bigarren ebakuntzarik behar izan, hau da, arteria ez zaie berriz itxi. Normalean, gaixoen % 50-60ek bigarren angioplastia behar izaten du hanketako arterietan eta % 20-30ek bihotzekoetan.

Hain zuzen, Estatu Batuetako Elikagaien eta Sendagaien Administrazioak (FDA) bihotzeko arterietan saio klinikoak hastea onetsi du, eta 100 bat lagunekin hasi dira lehen faseko frogak egiten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia