Hondakinen ustiaketa
2000/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Egunero sortzen ditugun hondakinak energia-iturri modura ustiatzea herrialde askotan egiten da, zorionez.
Zaborra birziklatu egiten da edo energia lortzeko erabiltzen da, baina badira ustiatu ezin daitezkeen hondakinak ere. Hondakin horiek poluzio-iturri izan daitezke eta, askotan, oso usain txarrekoak ere izaten dira. Halakoak erre egiten dira batzuetan, baina gero eta gehiago, tratamendu biologiko bidez suntsitu egiten dira. Ildo horretatik, Alemaniako Biotechnology IGB eta Schwating-Uhde enpresek energia ugari sortzen duen tratamendu biologiko bidezko teknika garatu dute.
Hondakinen tratamenduari esker materia organiko lehorra —zaborraren % 60 gutxi gorabehera— % 90 murrizten da batetik, eta bestetik, sortutako "biogasen" kopurua bi aldiz handiagoa da. "Biogasak" tratamendu biologikoetan sortzen diren hondakinak dira eta oso energia-iturri onak dira.
Azken emaitza usainik gabeko hondakinak dira, arazorik gabe lurpera daitezkeenak. Nahiz eta garestia den, teknika berria ohiko tratamendu-zentroetan ezar daiteke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia