}

Hizkuntza indoeuroparren jatorria argitu dute, izurriteen hedapena aztertzeko tresnak erabilita

2012/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gaixotasunen hedapena aztertzeko erabiltzen den metodo bat baliatu dute hizkuntza indoeuroparren jatorria argitzeko. Metodo horren bidez, ondorioztatu dute Anatoliatik hedatu zirela Europan eta Asian zehar.

Hain zuzen, bi hipotesi nagusi daude hedapen hori azaltzeko. Aditu batzuen ustez, hizkuntza indoeuroparrak Anatolian sortu ziren eta handik nekazaritza-teknikekin batera hedatu ziren, duela 8.000-9.500 urte. Beste hipotesiaren arabera, berriz, Asia erdialdeko estepako kurgan abeltzainen laguntzarekin hedatu ziren, duela 6.000 urte inguru.

Hipotesi zuzena zein den jakiteko asmoz, eredu informatiko bat sortu zuten Aucklandeko Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Ikertzaileak ez ziren hizkuntzalariak, baina, hitzen eta geneen eboluzioan dauden antzekotasunak aintzat hartuta, susmoa zuten ekologia ebolutiboan erabiltzen diren tresnak baliagarriak izango zirela auzi hori ikertzeko.

Hala, eredu informatiko hori erabilita, hizkuntza indoeuroparren hedapena aztertu dute, eta ondorio garbia atera dute: hizkuntza-familia hori Anatolian sortu zen, duela 7.800-9.800 urte. Science aldizkarian argitaratu dute lan osoa.

Hala ere, horrekin ez da amaitu eztabaida, hizkuntzalari eta arkeologo batzuek ez baitute ontzat ematen Auklandeko ikertzaileen lana.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia