}

Hiru elektroi, fotoi bakoitzeko

2011/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

hiru-elektroi-fotoi-bakoitzeko
Arg. Michiel Aerts

Fotoi bat xurgatzean hiru elektroi edo gehiago askatzen dituen material berri bat asmatu dute Herbeheretako Delft Teknologia Unibertsitateko ikertzaileek. Ohiko erdieroaleek elektroi bakarra askatzen dute xurgatzen duten fotoi bakoitzeko; hortaz, ikertzaileek uste dute zelula fotoelektrikoen eraginkortasuna hobetzeko aukera eman dezakeela material berriak.

Hain zuzen ere, zelula fotoelektrikoek xurgatzen duten fotoi bakoitzeko elektroi bat askatzen dute. Elektroi libre horiek harrapatzen direnean, elektrizitate moduan erabil daitekeen korronte elektrikoa sortzen da. Alabaina, prozesu horretan energia zinetiko asko galtzen du erdieroaleak bero gisa.

Energia hori galtzea eragozteko, Delft Unibertsitateko ikertzaileek puntu kuantikoak (quantum dots ) erabili dituzte, berun seleniurozko film erdieroale batean. Horrela lortu dute, materiala 400 nm-ko uhin-luzera duen argi ultramorez argituta (eguzki-argian badago), puntu kuantiko batek elektroi bat askatzea fotoi bat xurgatzen duenean, eta elektroi horrek beste elektroi batzuk askatzea eragitea. Eramaile-biderketa ( carrier multiplication ) deitu diote efektu horri, eta, batez beste, hiru elektroi askatzen dira fotoi bakoitzeko.

Ikertzaileek adierazi dutenez, film horrekin zelula fotoelektrikoak egitea izango da hurrengo pausoa. % 44ko eraginkortasuna lortzea da haien helburua (zelula arruntek % 35eko muga teorikoa dute). Orain arte egindako lana, berriz, Nano Letters aldizkari espezializatuan argitaratu dute.