Hipotalamoan ere sortzen eta gordetzen dira oroimenen aztarnak
2019/05/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Oxitozinan oinarritutako ikerketa bati esker, hipotalamoak oroimenaren mekanismoetan funtsezko zeresana duela frogatu du Mazahir T. Hasan ikertzaileak (Ikerbasque, Achucarro zentroa) gidatutako taldeak. Neuron aldizkari ospetsuan argitaratu dute lana.
Orain arteko hipotesi onartuenaren arabera, ebolutiboki hipotalamoa baino berriagoak diren garun-egituretan kokatzen zen oroimenaren sorrera eta biltegiratzea, zehazki, kortexean eta hipokanpoan. Horrenbestez, ikerketa iraultzailetzat jo dute, eta adierazi dute oroimenaren mekanismoak ulertzeko bide berriak irekitzen dituela.
Optogenetika baliatu dute beldurrarekin lotutako oroimena ikertzeko arratoietan. Horretarako, oxitozina ekoizten duten neuronetan jarri dute arreta, hormona horrek zerikusi zuzena baitu beldurrarekin zein beste emozio batzuekin. Optogenetikaren bidez neuronak aktibatuta eta desaktibatuta, lortu dute frogatzea hipotalamoan ere gordetzen direla oroimenaren aztarnak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia