}

Hiltzen ari diren izarren hautsa

2002/07/23 Elhuyar Zientzia


Astronomoak itzaltzen ari diren izarren irudiak biltzen ari dira Hubble teleskopioaren bidez. Hiltzen ari diren izarrek gasez eta hautsez osatutako nebulosa planetarioak sortzen dituzte. Askotan, argazkian azaltzen den IC 4406 izarraren antzeko itxura simetrikoa izaten dute; kasu honetan, begia lausotzen duen orbanaren itxura duela eta, astronomoek ‘erretina’ deitu diote IC 4406 izarrari.


Irudiaren koloreek gas-hodeiek biltzen dituzten molekulen izaeraren berri ematen dute: oxigeno-atomoek igorritako argia urdinez azaltzen da, hidrogeno-atomoena berdez eta nitrogeno-atomoena gorriz. Aldiz, azalera handia hartzen duen gas neutralak ez du argi ikusgaia irradiatzen; beraz, Hubble teleskopioaz ezin da antzeman, bai, ordea, irrati-teleskopioz.


Astronomoen esanean, IC 4406 izarraren egitura interesgarriena nebulosa zeharkatzen duen zerrenda saretu iluna da. Zerrenda horren zabalera 160 unitate astronomiko ingurukoa da (unitate astronomiko bat Lurra eta Eguzkiaren arteko distantzia da).


Material-korapilo horren etorkizuna ezin da aurreikusi. Izan ere, nebulosa hedatzen ari da, eta baliteke materiala besterik gabe barreiatzea. Hedapenaren ondoren irauten badu, berriz, trinkotu eta objektu beltz txikiak sor daitezke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia