Hilabete barru amaituko da CAF-Elhuyar sarietarako epea
2020/01/07 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zientziazale, kazetari eta sortzaile guztiei zuzendutako sariketa da, zientzialari izan zein ez, eta eremu zientifiko-teknologikoan genero-berdintasuna bultzatzeko asmoa ere badu.
Kategoria hauek ditu sariketak:
Dibulgazio-artikulu originalak. Bi azpikategoriatan banatuta dago: dibulgazio-artikulu orokorrak eta egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak. Azpikategoria bakoitzaren irabazleak 2.000 euroko saria, urtebeteko harpidetza Elhuyar aldizkarira, eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eskuratuko du.
Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak. 2.000 eurorekin, urtebeteko harpidetza Elhuyar aldizkarira, eta eskulturarekin saritzen da.
Zientzia Gizartean sorkuntza-beka. Zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duen proiektuak onartzen dira kategoria honetan. Aukeratutako proiektuaren egileak hura gauzatzeko 5.000 euroko diru-laguntza jasotzen du, baita eskultura ere.
Horrez gain, aurten ere NEIKER sari berezia emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; saria 2.000 eurokoa izango da eta beste sariekin bateragarria da.
cafelhuyarsariak.elhuyar.eus helbidean daude oinarriak zein lanak bidaltzeko modua, baita aurreko urteetan saritutako lanak ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia