}

Hiesaren birusa gene-terapian

2002/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gene-terapia gaixotasun genetikoei aurre egiteko bide itxaropentsua bihurtu da. Orain, Adelaidako Emakumeen eta Haurren Ospitaleak bide horretan aurrera egiten lagunduko duen pausoa eman du. Hain zuzen ere, gene-terapia gene akasdunak ordezkatzean datza eta, horretarako, gene osasuntsuak transferituko dituen eramaile egokia behar da.

RUSSELL KIGHTLEY

Asmo horrekin, ikertzaile australiarrek hiesaren birusa (GIB-1) erabili dute eta emaitza ona lortu dute. Alde batetik, GIBak, beste birus askok ez bezala, ugaltze-fasean ez dauden zeluletan sartzeko gaitasuna du, eta bestetik, transferitutako material genikoa zelularen parte izatera pasatzen da modu iraunkorrean.

Horretaz gain, birusa eraldatu egin dute, hiesa transmititzea ekiditeko. Horrela bada, dagoeneko hasiak dira eraldatutako hiesaren birusarekin probak egiten animalietan, eta gizakien hainbat gaixotasun genetiko sendatzeko aproposa izan daitekeela uste dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia