Hiesa zuen haur bati birusa ezabatzea lortu dute lehenengo aldiz

2013/03/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hiesarekin jaio zen haur bati birusak erabat ezabatzea lortu dute Johns Hopkins ospitaleko ikertzaileek, Mississippi eta Massachusetts unibertsitateetako ikertzaileekin batera. Ikertzaileek azaldu dutenez, terapia antirretrobirala haurra jaio eta berehala ematean datza, lehen 30 orduen barruan; hartara, gordailuetan ezkutatzea eragozten zaio birusari. Hain zuzen ere, hiesa duten pazienteetan, gordailuetan ezkutatutako birusak izaten dira gaitza berritzen eta indartzen dutenak, tratamendua eteten denean.
Arg. Elhuyar Fundazioa.

Dena dela, haurra “funtzionalki” sendatuta  dagoela zehaztu dute; hau da, ezin dute esan ez duela hiesaren birusik, baizik eta ohiko test klinikoek ezin dutela detektatu. Nolanahi ere, haurrak bizimodu arrunta egin dezake, epe luzeko tratamendurik jaso gabe. 

Haurra 2010an jaio zen. Haren amak hiesa zuen, baina ez zuen gaitzaren aurkako tratamendurik jasotzen. Haurra jaio orduko, antirretrobiralak eman zizkieten biei. 29. egunerako, birusak desagertuak ziren haurraren odoletik, eta tratamenduarekin jarraitu zuten 18 hilabete egin zituen arte. Geroztik ez du antirretrobiralik hartu, eta ohiko testen bidez birusik ez dutela detektatu baieztatu dute ikertzaileek. 

Paziente heldu batzuetan ere gertatzen dira halako kasuak, baina ez da batere arrunta. Hortaz, ikertzaileen esanean, hurrengo pausoa izango da ikustea ea beste jaioberrietan ere tratamenduak eragin berbera ote duen. Hori hala balitz, aurrerapauso garrantzitsua litzateke hiesaren aurkako borrokan. 

Hala eta guztiz ere, ikertzaileetako batek, Mississippiko Unibertsitateko Hanna Gayk, gogorarazi du prebentzioa dela sendabide onena: “Frogatu dugu jaioberrien infekzioen % 98 galaraz ditzakegula emakume haurdunei GIBa diagnostikatuta eta tratatuta”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia