Hidrogenoa erregai sobietar batasunean
1989/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Aleksei Tupolev-ek zuzentzen dituen sobietar injineruek uste dutenez, hidrogenoa hegazkinen etorkizuneko erregaia izan daiteke.
Hidrogenoak abantaila nabariak dauzka. Nahikoa erraz sor daiteke, nahiz eta gaur egun garestia izan, eta ez du poluziorik sortzen. Hidrogenoa erretzean, ura eta ozono-kantitate txikia bakarrik sortzen dira. Desabantailak ordea, hauek dira: deposito edo andeletan toki asko hartzea eta hotzetan gorde beharra, oso hegaskorra delako.
TU-155 hegazkina osatzeko, koheteak eraikitzeko behar diren teknikak erabili dira. Leherketaren arriskua murrizteko hidrogenoa kontzentratuta daukaten zonak presurizatutako konpartimentuz inguratuta daude. Erregaiandela abioiaren atzekaldean dago eta bertara doazen linea elektrikoak fuselaiaren kanpo aldetik doaz tutu aireztatu berezietan gorderik. Gas-isuriak detektatzeko sentsore ugari dago abioian barreiaturik eta tripulariek nahikoa dute botoi bat sakatzea isuria dagoen tokia ondo aireztatua izan dadin.
TU-155 hegazkina hidrogenoz betetzeko, urruneko kotrola erabiltzen da. Bestalde, oraingo andelak bidaiariak eramateko behar den tokia betetzen du, baina Tupolevek esan duenez gaur egun egiten ari diren ikerketek oztopo hori gainditu ahal izango dute. Hegazkinaren “performance”a galdu gabe erregai gutxiago erreko duten motoreak diseinatzen ari dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia