}

Hegazti batzuek zakila nola galtzen duten azaldu dute

2013/06/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

hegazti-batzuek-zakila-galdu-zutenekoa-azaldu-dute
Hegazti batzuek zakila nola galdu duten azaldu dute. Arg. Ana Herrera / Floridako Unibertsitatea

Hegazti batzuek, oilaskoek adibidez, zakil arrunta dute enbrioi-fasean, baina heldutan duten organoa garatu gabea da. Orain, Florida Unibertsitateko ikertzaileek argitu dute zergatik gertatzen den hori, Current Biology aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Azaldu dutenez, hegazti horien garapenean mekanismo genetiko bat jartzen da martxan, zakilaren garapena gerarazteko.

Zehazki, Bmp genearen kontrolpean dago mekanismo hori: genea aktibatzen denean, zakilaren buruan dauden zelulen heriotza-tasa areagotu egiten da, eta organoa txikitu egiten da. Bmp genea aktibatzen ez den espezieetan, berriz, organoaren garapena arrunta da.

Baina, zergatik galtzen dute oilaskoek zakila? Ikertzaileek galdera horri erantzun nahi izan diote, eta, haien arabera, badirudi galera horrek abantaila ematen diela oiloei, ugalketa kontrolatzeko ahalmen handiagoa baitute horri esker. Gainera, ikerketa malformazio batzuen kausak hobeto ulertzeko lagungarria dela ere esan dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia