Elhuyar zientziaren komunikazioa

Haziak hondamendietatik gordetzeko ahalegina

2008/04/06 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Milioika hazi gordeko dituen biltegi bat inauguratu berri dute Norvegian, Ipar polotik 1.000 bat kilometrora dagoen Svalbard uhartean; Munduko Hazien Kripta (Global Seed Vault) izena jarri diote.

Hiru gelak eratzen dute biltegia, mendiaren barruan 125 metro sartzen den tunel baten bukaeran (Argazia: M. Tefre/GCDT)

Uharte horretako mendi izoztu baten barruan egin dute biltegia: hiru gelak eratzen dute mendiaren barruan 125 metro sartzen den tunel baten bukaeran. Barruan, mundu osoko nekazariek hazten dituzten espezie eta barietate nagusien hazi-laginak gordeko dituzte, hala nola arrozarenak, artoarenak, gariarenak edo sorgoarenak. Guztira, 4,5 milioi hazi-lagin gordetzeko lekua dauka biltegiak, eta lagin bakoitzak ehunka hazi izan ditzake.

Nekazaritzan erabiltzen diren espezieen eta barietateen dibertsitateari eustea da proiektu horren helburua, ezinbestekoa baita gene-dibertsitate minimo bat izatea gaur egun elikagai-iturri nagusi diren laboreei eutsi ahal izateko. Leku jakin batean, edo mundu osoan, hondamendiren bat gertatuko balitz, orain arteko nekazaritzarekin berriz hasteko modu bat bermatu nahi dute horrela.

Ipar polotik hurbil dagoen eremu batean egin dute biltegia, horrek bermatzen baitu inoiz urtzen ez den izotz-geruza bat izango duela (Argazkia: GCDT)

Ipar polotik hurbil dagoen eremu batean egin dute, horrek bermatzen baitu inoiz urtzen ez den izotz-geruza bat izango duela biltegiak (permafrost deritzo izotz-geruza horri). Hala, haziak tenperatura- eta hezetasun-kondizio jakin batzuetan gordetzeko erabiltzen duten sistemak huts egingo balu, ez lukete haziok galtzeko arriskurik izango, mendiaren izotzak berak beharrezkoa den tenperaturari eutsiko liokeelako. Zero azpitik 18-20 gradutan gordeko dituzte, eta hezetasun-maila ere oso txikia izango da, hazien metabolismo-jarduera txikia dela ziurtatzeko.

Metabolismoa motelduta dutenean, haziak loak hartuta bezala gelditzen dira, ez dira ernetzen, ez dira zahartzen, ez dira hiltzen... hau da, kondizio normaletan baino askoz luzeago irauten dute. Erabiltzeko ordua iritsitakoan ernetzeko behar dituzten kondizioetan jarrita, haziak gai dira motelduta zuten metabolismoa berrabiarazteko.

Denak asetzen ez dituen proiektua

Ziurtzat jo dute haziak kondizio onetan gordeko dituztela eta, baliogarriak izango direla handik ateratakoan. (Argazkia: WARDA)

Itxuraz alde ilunik ez duen ekintza horrek, dena den, trabak batzuk baditu. Adibidez, ziurtzat jo dute haziak kondizio onetan gordeko dituztela eta, behar izatekotan, baliogarriak izango direla handik ateratakoan. Baina ez dute inola ere frogatu horrelakorik.

Ez da munduan egiten den lehenengo hazi-biltegia; 1.500 inguru daude, eta behin baino gehiagotan gertatu da milaka hazi hil direla gordeta egon diren bitartean; beste asko erabilgaitz gelditu dira behar bezala ez maneiatzeagatik, eta zenbatezinak dira horrelakoetan ezaugarri bereziak galdu dituzten haziak, berreskuratzeko bidean edo ugaltzeko orduan beste hazi batzuen geneekin nahasi direlako.

Gainera, proiektuaren bideragarritasunari buruzko azterketa egin zutenean, esan zuten Svalbard uhartean ez zegoela, ez sumendirik, eta ez lurrikara-jarduera nabarmenik. Bada, inauguratzeko egun gutxi batzuk falta zirela, Norvegiako historiako lurrikararik bortitzena gertatu zen, eta epizentroa Svalbard bera izan zen.

Bestalde, edozeinek ezingo ditu eskuratu edo erabili gordetako hazi horiek. Erakunde jakin batzuetako kideek bakarrik izango dute horretarako aukera, eta ez une jakin batean haziak beharko dituen edonork. Gainera, biltegiaren azkeneko arduraduna Norvegiako gobernua da. Gaur egun, zuzen eta fidagarritzat jotzen da gobernu hori, baina ez dago esaterik aldatuko ote den.

Hau da, proiektu hau ez da panazea, ez da gizateria salbatuko duen erremedioa. Dena den, ezin da esan zentzugabea denik; ez da txarra nonbait gordeta izatea hondamendi bati aurre egiten lagun dezakeen modu bat. Zuhurtziaz hartu behar dira horrelako berriak; aukera onena da.

7K-n argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia