}

Haurren bapateko heriotza saihestuz

1993/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hamazortzi urteko mutil batek, haurren bapateko heriotza saihets dezakeen gailua asmatu du. Britainiako Industria Konfederakundeak antolatzen duen asmaketa-lehiaketan 4.000 asmatzailek parte hartu zuten, baina 3.000.000 pta.ko edo 150.000 liberako saria Colin Paton-ek irabazi zuen.

Estatistika ofizialen arabera, Erresuma Batuan 1991. urtean 1.134 haur bapatean hil ziren. Bere arreba garaia baino zazpi aste lehenago jaio zenean, Colin Paton-ek bere ikerketa garatzea erabaki zuen.

Orduz geroztik Patonek, bere aisialdietan kontrolgailua etengabe hobetu du. Bere estimazioen arabera, 12.000 pta. edo 600 liberakoa izango litzateke gailuaren prezioa (gogoratu beharra dago gaur egun daudenak zortzi aldiz garestiagoak direla). Patonek dioenez, bere gailuko elektronika oso oinarrizkoa da eta gainera muntaketa eskuz egiten du.

Funtzionamendu-sistema honako hau da: “Haurraren sabelean, aparra duen poltsa bat belkro bidez itsasten da. Haurrak arnasa hartzean sabela kanporantz eta barnerantz higitzen da. Higidura hauen bidez, aparrean harrapatutako airea 60 cm-ko tutu batez, sehaskako ertz batean dagoen gailuraino eramaten da. Gailu hau telebistaren urrutiko kontrolerako unitatearen antzekoa da (kondentsadore aldakorra da) eta bertan sentsore bat dago.

Horrela, gailura iritsitako airea seinale bihurtzen da. Seinale hau anplifikatuz, sistemak arnasen arteko denbora-tartea analizatzen du. Denbora-tarte hau 15 segundokoa edo handiagoa baldin bada, hau da, haurrak 15 segundo baino gehiago arnasarik hartu gabe irauten badu, alarma aktibatzen da."

Denbora hori igaro ondoren, haurra arnasa hartzen hasten bada, entzuten den seinalea desaktibatu egiten da, baina seinale ikuskorrak aktibatuta irauten du, gurasoek haurrak arnas arazoak izan dituela jakin dezaten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia