}

Hanny objektuaren misterioa argituta

2011/01/13 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Hubble teleskopioak jasotako goiko irudian gas-hodei berde distiratsu bat ageri da. Hanny objektua da. Objektu horrek astronomoen jakin-mina eragin du 2007an aurkitu zutenetik. Izan ere, zer dela eta ikusten da hain argi gas-hodei hori? Zergatik da berdea? Hubble teleskopioko irudiek argitu dute hori guztia.

Gertuko IC 2497 galaxiak argitzen du Hanny objektua. Galaxia horrek, beste galaxia askok bezala, zulo beltz bat du nukleoan. Zulo beltz horrek irensten duen materiak (gasak eta izarrak) gas beroko eta energia altuko erradiazio-zorrotadak igortzen ditu. Erradiazio horrek gas-hodeiarekin talka egitean, oxigeno atomoak kitzikatzen ditu, eta ionizatutako oxigeno horrek eragiten du distiraren kolore berdea. Galaxia-mota horiek quasar izenaz ere ezagutzen dira.

Objektuaren eskuinaldean, goialdean, izar gazteen talde bat ageri da (horiz). Izar gazte horiek adierazten dute, hain zuzen ere, quasarrak jaurtitako partikula-zorrotadek gas-hodeiarekin talka egin dutela. Izan ere, talka horren ondorioz, gasa konprimatu eta izar berriak jaiotzen dira.

Irudia: NASA, ESA, W. Keel (Alabama Unibertsitatea) eta Galaxy Zoo Team taldea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia