Elhuyar zientziaren komunikazioa

Hamargarren planeta. Plutonen muga gainditu duen mundua

2004/04/18 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Azaroan ikusi zuten. Han, urrutian, oso urrutian, orain arte detektatu ez den mundu bat aurkitu zuten Kaliforniako Palomar mendian dagoen teleskopioetako batez. Zaila zen esatea zer zen. Noski, hain urruti egonda eta hain poliki mugituta, nola igar daiteke zer den teleskopioaren pantailan ikusi zuten puntutxoa?

Palomar mendiko teleskopio batez detektatu zuten Sedna lehenengo aldiz.

Hura ikusita poztu egin ziren astronomoak. 2003 VB 12 izena jarri zioten (egia esan, izena baino gehiago sailkatzeko modu bat da hori). Izena asmatuta, neurketak egiteari ekin zioten; baina, datu fidagarriak izateko, mundu berria zehazki nola mugitzen zen jakin behar zuten. Pazientzia handia eskatzen du horrelako neurketa batek.

Azkenean, lehen emaitzak argitara atera zituzten astronomoek: 2003 VB 12 plutino bat da, hau da, Plutonen orbita berean edo handik gertu dagoen asteroide bat; horrek esan nahi du astronomoek ondorioztatu zutela munduak ez duela planeta izateko adina materia.

Ez da emaitza arraroa; aspaldian aurkitu zuten Plutonen inguruan asteroideen 'gerriko' bat dagoela; asteroide asko daude han, Eguzkiaren inguruko orbitan. Horri Kuiper-en gerrikoa deritzo, eta batzuetan pentsatu izan da Pluton hangoa dela. Baina Pluton ez da asteroidea, ezta? Betidanik izan da guretzat planeta… Bai, eta, guretzat, Plutonen 'planetatasuna' hankaz gora jartzea aldaketa handiegia izango litzateke.

Pluton alde batera utzita, Kuiper-en gerrikoko asteroiderik handiena Quaoar da. Barkatu; Quaoar zen. Hori esan zuten astronomoek. Aurkitu berri zuten 2003 VB12 asteroideak Quaoar baino handiagoa zirudien. Oso interesgarria.

Behaketa gehiago behar izan ziren 2003 VB 12 asteroidearen datuak lortu ahal izateko. Astronomo batentzako lehenengoetako lana asteroidearen orbita kalkulatzea da. Astro baten orbitatik informazio garrantzitsu asko atera daiteke; besteak beste, masa eta tamaina kalkula daitezke.

Urano, Neptuno eta Pluton bezala, Sedna ez da begi hutsez ikusten.

Eta, masaz eta tamainaz gain, begi-bistakoa ez den beste datu garrantzitsu bat ateratzen da orbitatik: eguzki-sisteman dagoen ala ez jakin daiteke. Azken batean, astronomoek argi-puntu bat ikusi zuten argazki batean, eta liluratu egin ziren, espazioaren zati beraren argazki zaharretan ez baitago horrelako punturik. Baina, zer da puntu hori? Eguzkiaren inguruan du orbita?

Eguzki-sistemaren barruan dagoen astro bat baldin bada, abiadura minimo batez mugitzen ikusiko da. Horregatik ez da agertzen kasu honetan puntu hori aurretik egindako argazkietan. Baina espazioaren beste alde bateko argazkietan ager liteke, hau da, mugimenduari jarraitzea badago baldin eta argazki egokiak egin bazituzten aurreko urteetan. Eta egin zituzten.

Astronomoek 2001eko argazkietan bilatu, eta 2003 VB12 asteroidea aurkitu zuten. Nonbait, ez ziren orduan konturatu, beste zerbaiten bila ari zirelako puntu argitsuez jositako argazki horietan. Nolanahi ere, asteroidearen azken bi urteetako ibilbidearen berri eskuratzea lortu zuten.

Hala ere, ibilbide horrek ez zuen asteroide batena ematen; ez, behintzat, Kuiper-en gerrikoan dagoen asteroide batena. Kalkuluak berriz egin zituzten, hipotesi berriak plazaratu, eta oso urruti dagoen planeta bat izan daitekeela iragarri dute. Ez daude erabat ziur, baina izan daiteke.

Pluton (ezkerrean) eta haren ilargia Karonte oso urruti daude. Hain zuzen ere, hau da daukagun irudi onenetariko bat.

Planeta berria! Eta eguzki-sisteman! Horrelako berria, astronomo batentzat ez ezik, kaleko zalearentzat ere ikaragarria da. Planeten zerrenda bederatzi izenekoa izatetik hamarrekoa izatera aldatzen du berri horrek. Egin beharreko gauzetako bat ganorazko izen bat asmatzea zen. Planeta batek ezin du 2003 VB 12 izena izan!

Beste planeta guztiek, eta haien inguruko ilargiek, ganorazko izenak dituzte. Gehienek erromatarren edo grekoen jainkoen izenak dituzte: Marte, Jupiter, Merkurio, Saturno, Urano, Neptuno, Titan, Ceres (asteroidea), Europa, Io eta abar. Oraingoan, astronomoek inuiten jainkosa baten izena erabiltzea erabaki dute: Sedna. Itsasoaren jainkosa da Sedna, han, itsasoaren ur sakon eta ilunetan bizi den jainkosa, hain zuzen ere. Planeta berria espazioko alde sakon eta ilunean dago, eta, beraz, jainkosaren antzekotzat har daiteke. Planeta batek merezi du horrelako izena, ezta?

Baina, planeta da? Edo asteroide ziztrin bat? Baieztatu egin behar zuten. Gehiago jakin behar zen. Berriz aztertu zuten planeta berria.

Sedna planeta Pluton baino txikiagoa da, 1.700 kilometro baino gutxiagoko diametroa du. Eta oso orbita eliptikoa du, Plutonek bezala. Izan ere, gauza askotan da Plutonen antzekoa. Baina horrek ez du nahitaez esan nahi planeta denik.

Teleskopioek aurreko urteetan hartutako irudien bitartez jarraitu diote Sednaren orbitari.

Bai; Pluton planetatzat hartzen dugu, baina ondare kulturalarengatik egiten dugu. Inguruko planetekin konparatuta oso berezia da Pluton. Ez da gasez egindako planeta erraldoi bat, eta ez du haiek bezalako orbitarik; izan ere, batzuetan Neptuno baino urrutiago egoten da Eguzkitik, baina beste batzuetan, aldiz, gertuago. Zer planeta-klase da hori? Seguru asko, Pluton ez zen planeta sortu, baizik eta Kuiper-en gerrikoko asteroidea zen, eta, zerbaitek eraginda, handik egin zuen ihes. Ez dakigu.

Sednarena ere oso kasu arraroa da. Zer da, planeta ala asteroidea? Zientzialari batzuek proposatu dute Sedna ospetsua planetoidea dela. Baina, orduan, Pluton ere planetoidea da?

7K-n argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia