}

Hamar urtean, etengabe hazten

2006/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hamar urtean, etengabe hazten
2006/02/01 | Elhuyar
(Iturria: ISAAA, 2005)

ISAAA bioteknologiak nekazaritzan duen aplikazioez arduratzen da, eta, urtero bezala, aurten ere kaleratu du ekoizpen transgenikoen gaineko txostena. Aurkeztutako datuen arabera, ez dago inolako zalantzarik: nekazaritza transgenikoa etengabe ari da hazten.

Hamar urte igaro dira lehen labore transgenikoak merkaturatzen hasi zirenetik. Geroztik, nekazaritza genetikoa hazi besterik ez da egin. Hain zuzen ere, hastapenetan baino 50 aldiz azalera handiagoa hartzen dute gaur egun labore transgenikoek. 1996an sei herrialdetan besterik ez ziren landatzen, eta 1,7 milioi hektarea hartzen zituzten. Iaz, berriz, 21 herrialdetan ekoitzi dira transgenikoak, eta guztira 90 milioi hektarea hartu dituzte.

Soja, nabarmena

Soja da gehien landatzen den transgenikoa; hala, labore transgenikoen % 60 soja da. Gainera, ereiten den soja guztiaren erdia baino gehiago transgenikoa da. Sojaren ondotik kotoia dago, eta atzetik datoz Canola izeneko koltza-mota bat eta artoa.

(Iturria: ISAAA, 2005)

Bai soja bai besteak herbizidekiko tolerante izateko eraldatutako barietateak dira. Hartara, herbizidek soroko belar txarrak hiltzen dituzte, landatutakoari kalterik egin gabe. Beste barietate transgeniko batzuk, berriz, intsektuekiko erresistente izateko eraldatu dira; horri esker, intsektu-izurriek ez diete eragiten. Eta zenbait barietatek bi ezaugarriak biltzen dituzte. Kasu denetan, helburua etekina hobetzea da, asko biltzea, alegia.

Beste batzuetan, berriz, landareari bestelako ezaugarriak emateko erabiltzen da bioteknologia. Esaterako, A bitaminaren eskasia prebenitzeko sortu zuten urre-koloreko arroza. Arroz transgeniko horrek ohikoak baino askoz ere A bitamina gehiago du.

Europako Batasunean

Dena dela, kontsumitzaile askok oraindik errezeloz begiratzen diete transgenikoei, batez ere Europan. Are gehiago, duela gutxi arte Europako herrialdeetan ez dira baimendu barietate transgenikoak. Baina, pixkanaka-pixkanaka, Europako jarrera malgutzen doa. Zenbait barietate baimenduta daude, eta arto transgenikoa gero eta azalera handiagoa hartzen ari da.

(Iturria: ISAAA, 2005)

Europaren barruan, Espainia izan da hasieratik arto transgeniko gehien landatu duen herrialdea, eta gaur egun ere buruan da. Portugalen, Alemanian, Frantzian eta Txekiar Errepublikan ere egiten dute arto transgenikoa, eta urtetik urtera azalera handiagoa hartzen ari da.

Megaekoizleak

ISAAAk megaekoizle deitzen die transgenikoek 500.000 hektarea baino gehiago hartzen dituzten herrialdeei. Hamalau dira guztira, eta bakarra da Europako Batasunekoa: Espainia. Alde handiz, Estatu Batuek ekoizten dute gehien. Ondoren Argentina, Brasil, Kanada eta Txina daude, eta gainerakoak Paraguay, India, Hegoafrikar Errepublika, Uruguay, Australia, Mexiko, Errumania eta Filipinak dira.

Berriak labur
4
1
217
2006
2
010
Bioteknologia; Nekazaritza