}

Haiek bai urte eroak!

2000/04/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

XX. mendeko hirugarren hamarkadari buruz hitz egitean, artikulu honi jarri zaion izenburua behin baino gehiagotan erabili izan da. Alde batetik begiratuta, ezin uka urte haiek ero-eroak izan zirela, baina zientziaren ikuspegia kontuan hartuta, urte emankorrak gertatu ziren. Garai hartako asmakuntza ugarik eragin nabarmena izan zuten orduko gizartean, eta baita ondorengo urteetakoetan ere.

Zientziaren ekarpenak hizpide, fisika teorikoaren alorrean izan zen iraultzarik handiena XX. mendeko hirugarren hamarkadan, urte haietan fisika kuantikoaren oinarriak ezarri eta garatu baitziren. Fisika kuantikoaren aitak, Max Planck alemaniarrak, energia kuantu izeneko multzoetan zurgatu, igorri eta garraiatzen zela esan zuen mende hasieran, eta energiaren oinarrizko ekuazioa formulatu zuen. Planck-en lanak eta ezjarraitasunaren kontzeptua ezinbestekoak izan ziren 20ko hamarkadan fisika kuantikoan egin ziren lan guztietan. De Broglie frantziarrak, argia ez ezik materia ere uhin eta partikula moduan portatzen zela plazaratu zuen 1924. urtean. Einstein-ek argiari egotzitako bikoiztasun berbera materiari egotzi izana elektroien izaera ulertzeko ezinbestekoa izan da. De Brogliek esandakoa ekuazio bihurtu zuen Erwin Schrodinger fisikari austriarrak 1927an. Schrodinger-en ekuazioa kuantikaren oinarrizko ekuazioa da, baina oraindik ez dago erabat ebatzita. Hala ere, eta ebatzita egon ez arren, Newton-en legeek zeruko gorputzen higidura azaltzen duten doitasun berberarekin azaltzen du Schrodinger-en ekuazioak atomoaren izarea.

Urte horretan bertan, 1927an, Werner Heisenberg alemaniarrak ziurgabetasunaren printzipioa enuntziatu zuen, mundu makroskopikoan ez baina mundu kuantikoan berebiziko garrantzia duena. Printzipioaren arabera edozein objekturen abiadura eta posizioa ezin dira aldi berean zehatz-mehatz ezagutu, ezta teorikoki ere. Printzipio horrek Fisika Modernoaren bihotza jo zuen bete-betean, unibertsoko fenomeno fisikoen ezagutza osoari Planck-en kuantuaren muga jarri baitzion; hau da, zalantzan jartzen zuen Fisikak naturaren legea erabat ezagutzeko eta menperatzeko zuen gaitasuna. Planck, Rutherford, De Broglie, Schrodinger, Heisenberg, Bohr, Einstein edo Born-ek eginiko lanek fisika klasikoa eta fisika kuantikoaren arteko zubia eraiki zuten gainera.

Baina XX. mendeko hirugarren hamarkadan dena ez zen teoria izan. Urte ero haietan, penizilina aurkitu zen, besteak beste. Garrantzi handiko aurkikuntza izan zen penizilina, horren ondorioz bizitza asko salbatu baitziren. Mirariaren egilea Alexander Fleming izan zen, 1928. urtean. Liburuek diotenez, Fleming-ek kasualitatez aurkitu zuen penizilina, bakterizida ezin hobea; eta izan, baliteke horrela izatea, baina ezin ukatu aurkitu bila dabilenak aurkitzen duela. Penizilinaren aurkikuntzaren eragina ez zen bat-batekoa izan, bere oinarri aktiboa lortzea oso zaila baitzen. Ondorengo hamarkadan Fleming-en bi laguntzailek berak irekitako bidetik aurrera eginez, penizilina kimikoki isolatzea lortu zuten. Horri esker antibiotikoa era industrialean ekoiztu ahal izan zen, eta batez ere 1941. urtetik aurrera erabiltzen hasi zen. 1945. urtean Fleming-ek eta bere bi laguntzaileek, Chain eta Floreyk, Fisiologia eta Medikuntzako Nobel saria jaso zuten.

Penizilina aurkitzeak eta, beste alor batean eta beste maila batean izan bazen ere, tresna elektrikoen alorrean gertatu zen aurrerakadak, eragin garrantzitsua izan zuen urte ero haietan, bizi-ohiturak aldatzera iritsi baitziren. Alor horretan tresna berri eta asmakuntza asko izan zen 1920ko hamarkadan: motor elektrikodun ikuzgailu komertziala izan zen horietako bat (1920). Lee De Forest amerikarrak filmei soinua jartzeko sistema aurkeztu zuen New York-en (1923). Soinuaren grabazio elektrikoak egiten hasi ziren eta diskoa, disko-jogailua, eta mikrofonoa garatu ziren (1925). Telebistako lehen emisioa Britainia Handian, irrati-teknologia erabiliz, Jonh Logie Baird ingeniari eskoziarraren eskutik gauzatu zen (1926). Gerora, 1928. urtean Vladimir Kosma Zworykin-ek berak asmatutako hodi katodikoan oinarritutako telebista-hargailuaren jendaurreko erakustaldia egin zuen. New York eta Londres bitarteko lehen telefono-kablea, irrati-seinaleetan oinarritua ezarri zen. Etxerako lehen hozkailuak, General Electric, egin ziren (1927).

Etxean erabiltzeko asmakuntzak bezala, etxetik irten eta zerurantz jotzeko tresnak garatzeak ez zuen etenik izan. Gero eta altuago, gero eta azkarrago, airean gero eta denbora gehiago… erronkaz erronka aurrera ari ziren aeronautikako bidegileak. Zeruan makina bat urrats egin zen, eta horietako asko historiarako jasorik geratu dira. Adibidez, Charles Lindbergh hegazkinlari estatubatuarrak Atlantikoa inon geratu barik eta lehen aldiz zeharkatzea historia-liburu guztietan agertzen da. Balentria 1927ko maiatzaren 21ean gauzatu zuen, Frantziako Le Bourget-en lurra hartu zuenean. Munduari lehen itzulia hegazkinez 1924. urtekoa da. Horrelako bidaia historikoak alde batera, asmakuntzetan autogiroa —helikopteroen aitzindaria— aipatu beharra dago, Juan de la Cierva espainiarrak 1923. urtean asmatua.

Espaziora begiratzen zutenek ere eman zuten zer esanik 20ko hamarkada honetan. Espaziorako teknologiaren lehen urratsak, txikiak bezain garrantzitsuak, ematen hasi ziren garaia izan zen hura, astronautikako aitzindarien garaia. Horietako bat, Robert Goddar izan zen. Berak 1929. urtean, ergol izeneko erregai likidoa erabiliz, kohete estratosferiko bat aireratu zuen lehen aldiz. Amerikarra ez zen ahalegin horretan saiatu zen bakarra; berak bezala, Max Valieraitzindari aeroespazialak jendaurrean adierazi zuen kohetez bultzatutako hegazkina egingo zuela.

Eta espazioari begira, ezin ahaztuHubble astronomo amerikarra. 1922 eta 1924. urte bitartean espazioko gorputz guztiak Esne Bidean ez zeudela deskubritu zuen, hau da, espazioan galaxia bat baino gehiago zegoela deskubrituzuen, edo bestela esanda, espazioko gorputzak multzotan biltzen zirela. Gaur egun begien bistakoa dirudienak, kosmosarekiko zituzten ideiak berrikustera behartu zituen orduko astronomoak. Galaxiak bata bestetik urruntzen ari direla ere Hubble-k deskubritu zuen 1927an. Hubble-i esker unibertsoa estatikoa ez eta dinamikoa dela ohartu ziren astronomoak.

Zerura eta espaziora ez ezik, lurrera begira ere jarri zen jendea. Eta lurrera baino lurazpira begira ere jarri zen. Egipton sekulako aurkikuntza egin zuen Howard Carter arkeologoak Tutankamon faraoiaren hilobia. Hilobi hori izan da, dudarik gabe, antzinateko Egiptoren ikerketa arkeologikoan interes handiena piztu duena. Tutankamon faraoia K.a. 1354. urtean jaio, eta handik 18 urtera hil zen. Carterrek 1922ko azaroaren 4an aurkitu zuen Tutankamonen hilobia, hilobia eta altxor handia. Altxorra orain Egiptoko Museoandago, Kairon.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia