Gure jatorria
1988/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Neanderthaleko gizakia eta anatomikoki moderno den gizakiaren arteko erlazioa, giza eboluzioaren nahaste-borrasterik handienetakoa da.
Datazio horren ondorioz, Camel-en dagoen Kevara koban Neanderthalak duela 60.000-48.000 urte bizi izan zirela jakin da. Datu hauek Neanderthalak Mediterranioaren Ekialdera nahikoa berandu iritsi zirela esan nahi dute. Neanderthalek jatorria Afrikan ez dutenez, Palestinako hauek Europatik joango ziren seguru asko duela 60.000 urteko glaziazioan.
Datu hauek beste batzuekin konparatu behar dira. Aspaldian ezaguna da itxura modernoko lehenengo gizakiak (edo proto Cro-Magnon -ak) Kevara kobaren ingurutan bizi izan zirela, koba hau lehenengo aldiz okupatua izan baino lehenago. Ondoriorik zuzenena, Neanderthalak gure arbasoak ez izatea da.
Neanderthalak giza eboluzioaren albo-adarra direla dioen teoria ez da berria. Baina nahiz eta kritika ugari izan, gora egiten ari da azken aldi honetan. Aipatutako datazio berri hau egin ondoren teoria horren bertsio sinplifikatua hauxe da: itxura modernoko gizakiak ( Homo sapiens sapiensak ), duela 45.000 urte Asiako hegomendebaldean eta duela 35.000 urte Europan, Neanderthala ( Homo sapiens neanderthaliensis ) ordeztu egin zuen. Anatomikoki modernoa den gizakia Afrikatik etorri zen Europa eta Asiara. Datazioak guztiz zehatzak ez badira ere, gizaki modernoa Etiopian bizi zen gutxienez duela 100.000 urte.
Beste eskola batek esaten duenez, Neanderthala gure arbaso zuzena da eta ez galdutako giza adar banandua. Teoria honen arabera, duela milioi bat urte Afrika utzi zuen hominido baten ondorengoak dira neanderthalak.
Txanpona airean dago oraindik eta arazoa erabakitzeke. Hala eta guztiz ere, aztarna gehiago eta zehatzago izan arte ez da ondorio zehatza ateratzerik izango.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia