}

Golgi, Camillo

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1844-1926)

Mediku eta histologo italiarra Brescia ondoko Corteno herrian jaio zen 1844an. Bere familian medikuntzarako zaletasun handia zegoen eta Camilo gazteak ere norabide horretan eman zituen bere urratsak. 1865ean Paduako Unibertsitatean doktoratu zen. Berehala hasi zen lanean eta hasieran psikiatriaz arduratu bazen ere, ehunak eta zelulak ikertzen eman zituen urterik oparoenak. Paviako Unibertsitatean laguntzaile gisa egin zuen lan eta 1872 eta 1875 bitartean Abbiategrasso-ko Ospitalean aritu zen. Hortxe egin zuen ondorengo ikerketetarako funtsezkoa suertatu zen aurkikuntza.

Ordurarte Fleming, Koch eta Ehrlich-ek substantzia organikoak erabiltzen zituzten ehunak tindatzeko. Prozedura horren bidet izan ere, giza begiarentzat ikustezinak diren elementuak agerian geratzen ziren. Golgik zilarrezko gatzak erabili zituen zeregin berean eta ordurarte ezagutzen ez ziren zelula-egiturak ikusi ahal izan zituen.

Zilarrezko gatzak erabiliz, nerbio-sistemaren ehun-egitura aztertu ahal izan zuen. Zelula-egitura desberdinak deskubritu zituen eta horien funtzionamendua zehaztasun handiz deskribatu zuen. Besteak beste, nerbio-sisteman oinarrizko nerbio-zelula bat zegoela demostratu ahal izan zuen. Geroztik, Golgiren zelula izenaz ezagutzen da gainerako nerbio-zelulak lotzen dituen egitura berezia. Aurkikuntza hori gaur egungo neurologiaren abiapuntua dela esan ohi da. Ikusitakoak Waldeyer-ek emandako teoria berretsi egiten zuela esan zuen Golgik. Ordurarte izan ere, hipotesi hutsa ten nerbio-zelulen arteko lotura erabatekoa ez dela eta egitura horien artean sinapsia izeneko hutsuneak zeudela zioen teoria.

1880.ean tendoietako nerbio-egitura aurkitu zuen. 1883an Golgiren aparatua izenaz ezagutzen den ehun-egitura aurkitu eta deskribatu egin zuen. Zenbait zelulen zitoplasman tolesturik egoten den besikulan eta mintz-multzoa da eta entzimak edota hormonak metatzeaz eta garraiatzeaz arduratzen da.

Golgiren aparatuaren berri zabaldu zenerako, Sienako Unibertsitateko anatomia-irakaslea izana zen eta Paviako Unibertsitatean histologia eta patologia irakasten zituen.

1880az geroztik, paludismoari buruzko ikerketak egin zituen, gaixotasunaren jatorria eta ondorengo bilakaeraren arteko loturok aztertuz. Lan horren emaitza paludismoaren agerpen desberdinei buruzko ikerlana da.

1906an Medikuntzako eta Fisiologiako Nobel Saria eskuratu zuen Ramon y Cajal-ekin batera.

Ikertzen eta irakasten segitu zuen Golgik 1926an Paviako bere etxean herio bila joan zitzaion arte.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia