Genetikoki eraldatutako laboreak merkatuan
2003/04/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Aurkeztu ziren zuzenketetatik, bost besterik ez ziren onartu, hiru Alderdi Popularrarenak eta bi Eusko Alderdi Jeltzalearenak, eta guztiak proiektua osoko bilerara iritsi baino lehen onartu ziren; beraz, proiektua aldaketa gutxirekin itzuliko da kongresura. Alderdi Popularrak atzera bota zituen oposizioak aurkeztutako zuzenketa guztiak; gehienak kontrolak eta bermeak areagotzearen eta autonomien eskuduntza handitzearen aldekoak ziren.
Lege-proiektuak oraingo legeak indargabetzen ditu. Oraingoak Europako Batasuneko legeari jarraitzen dio, eta lege berriarekin araudi horri hobeto egokitzeko asmoa dago. Horretaz gain, ordea, transgenikoak erabiltzeko eta merkaturatzeko dauden eskaera berriei erantzun nahi diete. Hala ere, oraingo legearekiko aldaketa handiegirik ez omen dago.
Lege-proiektua prebentzioaren eta zuhurtziaren printzipioetan oinarritzen da; hau da, kontsumitzailearen osasunean eta ingurumenean inolako kalterik ez gertatzeko, arretaz jokatuko dela esaten du legeak. Horretarako, kasuz kasu eta pausoz pauso aztertuko da eskaera bakoitza, eta inoiz ez da pauso bat baimenduko aurrekoaren segurtasuna bermatu arte.
Labore transgenikoak Espainian
Espainiako landare-barietate komertzialen erregistroan, genetikoki eraldatutako bi arto barietate daude: Compa CB eta Jordi CB. 1998an onartu ziren eta Sygenta-k merkaturatzen ditu. Biek ere eraldaketa genetiko bera dute, artoaren zulakariarekiko erresistente izateko.
Artoaren zulakariaren aurkako ohiko tratamenduak ez dira oso eraginkorrak; ondorioz, arto-sailen izurri kaltegarrienetakoa da eta galera ekonomiko handiak eragiten ditu. Kasu larrienetan, nekazariak uztaren % 30 galtzen du zulakariaren erruz.
Zulakariarekiko arto erresistentea batez ere Ebro ibarrean, Albaceten, Toledon eta Badajozen landatzen da, hau da, zulakariak arazo gehien eragiten duen tokietan. Gutxiago bada ere, Nafarroan, Madrilen eta Gironan ere landatzen da. Guztira, Espainian 20.000 bat hektarea landatzen dira.
Artoaz gain, Espainian eta Europako Batasunean Monsanto enpresak sortutako soja transgeniko bat inportatu eta merkaturatu ahal da. Soja hori glifosato herbizidarekiko tolerante izateko eraldatuta dago, eta AEBetako hainbat konpainiak saltzen dute 1996tik.
Zein arau bete behar ditu landare transgenikoak?
Landare transgenikoak arautzen dituzten legeak oso zorrotzak dira Europako Batasunean eta Espainian. Barietate berriak onartzeko, beti ezartzen da zuhurtziaren printzipioa; beraz, genetikoki eraldatutako organismo batek hainbat baimen eduki behar ditu merkaturatu aurretik.
Lehenik, Europako Batzordeak aldeko erabakia hartu eta Europako erkidegoen egunkari ofizialean argitaratu behar du. Horretarako, adituen batzordeak azterketa egin eta giza osasunean eta ingurumenean inolako kalterik ez duela egiten ikusi behar du.
Elikagai eta osagai berrien araudia ere bete behar du eta, hala bada, Europako erkidegoen aldizkari ofizialean argitaratzen da. Araudi horrek baimena zein etiketatua arautzen ditu. Etiketari dagokionez, honako hau hartu behar da kontuan: ustekabeko kutsadura gertatu eta genetikoki eraldatutako zatia edo osagaia % 1 baino gutxiago denean, ez dauka zertan etiketan azaldu.
Bestetik, genetikoki eraldatutako barietate berriak merkaturatzeko, barietate komertzialen erregistroan azaldu behar du. Aurretik, horretarako baimena ematen duen aginduak Zientzia eta Teknologia Ministerioak argitaratzen duen Estatuko Aldizkari Ofizialean azaldu behar du. Beste bideetatik hobetutako barietateek ez bezala, genetikoki eraldatutako barietateek ezinbestekoa dute jarraipen-plan bat. Horrela kontrolatzen dira batetik eraldaketa genetikoak bere helburuak betetzen dituela eta bestetik zein eragin duen gainerako espezieetan.
Azkenik, barietate berriek herbizida berri bat behar badute, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Ministerioaren baimena lortu behar dute aurrena. Baimen hori ematerako, herbizidaren dosiak eta erabilera erabakitzen dira, herbizida-dosia eraginkorra izan dadin, baina ingurumenean eta animalien eta pertsonen osasunean kalterik ez duela eragiten bermatuz.
Transgenikoak munduan
Bioteknologiak nekazaritzan duen aplikazioez arduratzen den erakundeak, ISAAA -k, jarraipena egiten die labore transgenikoei. Erakunde horrek emandako datuen arabera, labore transgenikoek hartzen duten azalera % 12 hazi zen 2001etik 2002ra; hau da, 6,1 milioi hektarea inguru gehiago landatu ziren genetikoki eraldatutako barietateekin. Guztira 58,7 milioi hektarea landatzen dira; 1996an 1,7 milioi hektarea landatzen zirela kontuan hartuta, labore transgenikoak asko hazi direla esan daiteke.
Proportzioan, transgenikoen laboreak Txinan hazi dira gehien, % 40 hazi baita transgenikoek hartzen duten azalera. Batez ere kotoi transgenikoa landatzen dute, eta kotoi arruntak baino azalera handiagoa hartzen du dagoeneko transgenikoak. Indian, Kolonbian eta Hondurasen ere asko hazi da landare trangenikoek hartutako azalera proportzionalki, baina kontuan izan behar da lehendik ez zela ia transgenikorik landatzen herrialde horietan.
Hektareatan, azalera gehien landatu dutenak AEBak eta Argentina izan dira. AEBetan, 2001. urtean 35,7 milioi hektarea landatzen ziren, eta 2002an 39. Argentinan, egoera ekonomikoak txarrera egin duen arren, dagoeneko 13,5 milioi hektarea landatzen dira, eta 2001ean 11,8 hektarea ziren. Bi herrialde horien gehi Kanadaren eta Txinaren artean, transgenikoekin landatutako lurraren % 99 hartzen dute ( ikus mapa ).
Europak azken postuetan jarraitzen du. 2001ean ez zen aldaketarik egon Espainian, Frantzian eta Alemanian. Europako Batasunetik kanpo, Errumanian eta Bulgarian soja eta arto transgenikoen barietateak landatu zituzten.
Landatzen diren transgenikoen espezieei dagokionez, gehien landatzen dena soja da (transgenikoen % 63). Ondoren artoa (% 19), kotoia (% 13) eta koltza (%5) datoz. Horietatik gehienak, % 75, herbizidekiko toleranteak izateko eraldatutako barietateak dira, eta % 15 intsektuekiko erresistente izateko. Barietateen % 8ak bi ezaugarri horiek biltzen ditu.
Gainera, lehenengo aldiz soja transgenikoak aurre hartu dio soja arruntari; munduan landatzen den sojaren % 51 da orain transgenikoa. Berriz, landatzen den kotoiaren % 20 da transgenikoa, eta arto transgenikoa 2001ean % 7 izatetik 2002an % 9 izatera pasatu da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia