Gene-terapia probatzen ari dira GIBaren aurka
2010/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Terapiak zelula amak ere erabiltzen ditu, eta proben lehen fasea gainditu du
City of Hope ikerketa-institutu estatubatuarreko ikertzaileek emaitza onak izan dituzte hiesaren aurkako terapia berri baten probetan. Ikerketaren emaitzak Science Transnational Medicine aldizkari espezializatuan aurkeztu dituzte; haien arabera, terapian txertatu dituzten GIBaren aurkako geneek epe luzean irauten dute.
Esperimentua hiesarekin erlazionatutako linfoma duten gaixoetan egin dute. Funtsean, tratamenduari esker, pazienteen organismoari GIBaren aurkako armak sortzeko gaitasuna ematen diote; aldi berean, birusak ugaltzeko ezinbestekoa duen errezeptore bat deuseztatzen dute.
Hori lortzeko, lehenik, immunologia-sistemaren zelula amak erauzten dizkiote pazienteari, eta geratzen zaion immunologia-sistema ezabatzen dute, transplante bidezko linfomaren tratamenduan egin ohi den bezala. Gero, zelula ama horien DNAri hiru gene txertatzen dizkiote: GIBak zelulara sartzeko erabiltzen duen CCR5 errezeptorea deuseztatzen du batek, eta beste biek GIBaren geneak desaktibatzen dituzte eta ugaltzeko ezgai bihurtzen dute.
Tratamenduak ez du albo-ondorio txarrik, eta lehen fasea gainditu du. Aurrera egiten badu, arrakasta bikoitza izango da: batetik, linfoma sendatzen du, eta, bestetik, hiesaren birusak ezin ditu zelulak infektatu eta ezin da ugaldu. Ikertzaileen esanean, "helburua hiesa gaitz sendagarri bihurtzea da".
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia