}

Gazteen buru-osasuna babesteko hirien gakoak identifikatu dituzte

2024/02/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

gazteen-buru-osasuna-babesteko-hirien-gakoak-ident
Gasteizko Koroatzea auzoko Badaia kalea Arg. Assar/CC 4.0

Hainbat ikerketak erakutsi dute hiri-inguruneak erlazio zuzena duela biztanleen buru-osasunean. Orain, Nature zientzia-aldizkariak nazioarteko ikerketa zabal bat argitaratu du, nerabeen eta gazteen buru-osasuna babesteko hirien ezaugarriak zerrendatuz. Hain zuzen, egileen ustez, hiriak diseinatzean eta moldatzean fokua hor jartzeak denean eragiten du, eta, beraz, lehentasuna horri ematea proposatzen dute.

Mundu osoan, 25 urtetik beherako gazteek osatzen dute hirietara gehien jotzen duten taldea, han aurkitzen baitituzte hezkuntzarako eta lanerako aukerak. Hala, 2050erako, haurren % 70 hirietan biziko dela aurreikusi dute. 

Bestalde, COVID-19aren krisiak gazteen buru-osasunari buruzko kezka azaleratu du, nabarmena baita gora egin dutela asaldurek eta suizidioek gazte jendearen artean. Baina egoera lehendik zen larria: 2005eko ikerketa baten arabera, 65 urte baino lehenago izaten diren buruko gaitzen % 75 24 urte izaterako agertzen dira. Horrenbestez, nerabezaroan gaitza eta heriotza saibesteko esku-hartzeen bidez, helduen osasunean ere inbertitatzen da, eta hurrengo belaunaldiaren osasuna ere babesten da, guraso gazteen hezkuntza eta bizi-ohituren bitartez.

Hori guztia kontuan hartuta, beraz, hirien 37 ezaugarri aztertu dituzte, 53 herrialdetan, sei eremu sozioekologikoetan multzokatuta: pertsonala, interpertsonala, komunitatearena, erakundeena, politikoa eta ingurumena.

Buru-osasuna babesteko faktore nagusien artean, espazio komunitario aske eta seguruak izatea da lehenengotakoa. Hau da, gazteak elkartu, ikasi eta sozializatzeko lekuak. Hain zuzen, ikusi dute eremu interpertsonaleko faktoreek berezko balio babeslea dutela, ongizatea sustatzen dutela eta depresioa prebenitzen dutela. Horrekin batera daude lana izateko aukera, hezkuntza-sistema ona eta osasun-zaintza egokia. 

Faktore kaltegarrienak, berriz, gutxietsitako edo gutxiengoan dauden taldeekiko aurreiritziak daude, izan arraza, generoa, sexualitatea, maila sozioekonomikoa, neurodibertsitatea edo beste arrazoi batengatik. Horrenbestez, diskriminazio pertsonalari eta egiturazkoari aurre egiteko politikak eta legeak eskatu dituzte egileek.

Ikertzaileek uste dute emaitzak esanguratsuak direla, eta aintzat hartzekoak urbanismoko eta osasun publikoko politiketan, onartu duten arren ikerketa gehiago behar direla ondorio sendoagoak izateko. 

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia