Gaur hasi da ordenagailu kuantikoaren aroa Donostian

Gaurtik aurrera, urriak 14, Donostia ordenagailu kuantiko bat duen munduko hiri bakarrenetako bat izango da. Hain zuzen, IBM Basque Country, IBMren sareko ordenagailu kuantiko indartsuena inauguratu berri du. Arduradunen esanean, ezin da aurreikusi zer ekarriko duen, baina itxaropena dute iraultzailea izango dela. 

IBM Basque Country IBMren ordenagailu kuantiko aurreratuenen munduko sarean integratzen da. Sare horretako beste bi ordenagailuak AEBn eta Japonian daude.  

IBMk zuzenean kudeatzen duen sistema horrek IBM Quantum Heron prozesadorea darama; alegia, orain arte garatu den ahaltsuena. 156 qubitez osatutako prozesadorea da, transmon motakoak; material supereoaleen eta isolatzaileen geruzek osatzen dute prozesadore hori, eta hain zuzen ere, eletroien tunel-efektuzko mugimenduetan horietan oinarritzen da qubitaren funtzionamendua.

Horri esker, gai da bi bit kuantikoko 5.000 eragiketara arteko zirkuituak simulatzeko. Diseinu modularra duenez, hainbat prozesadore integratu ahal izango zaizkio etorkizunean, eta hori aurrerapauso kualitatibo handia da Europako informatika kuantikoaren gaitasunari eta errendimenduari dagokienez.

Besteak beste, espero dute baliagarria izatea aurrerapenak ekartzeko hainbat arlotan: medikuntza pertsonalizatuan, material berrien sorkuntzan, segurtasun informatikoaren hobekuntzan eta ekonomiaren eta ingurumenaren arazo konplexuen konponketan.

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Fisika