}

Gasaren konturik garestiena

2001/04/05 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Kiotoko Protokoloa hizpide da azken egunotan. George Bush-en gobernuak han hitzartutakoak beteko ez dituela aitortu zuenetik haserre bizian jarri baita mundua.Tira, mundua baino gehiago Europako Batasuna, eta bisita ere egin diote, esku-hutsik itzuli badira ere. Dena dela, oraindik ikusteko dago Europako Batasunak Kiotoko Protokoloa
noiz berretsiko duen eta gasen isurketak murrizten nozi hasiko den. Izan ere, eta logikarik ez duen arren, Europako hainbat estatuk lau urte hauetan isurketak handitu dituzte, besteak beste, Espainiak. Hau da, kontuak Europako Batasuna osoarentzat egiten dira eta gero estatu bakoitzaren populazioaren eta ezaugarrien baitan bakoitzak zenbat murriztu behar duen zehazten da. Kalkulu horien arabera, ordea, estatuek isurketak areagotu egin ditzakete.

Berotegi-efektua eragiten duten gasak isurtzeari utzi behar zaiola esatea gauza bat da, eta isurketan nola eta noiz murriztu behar diren zehaztea beste bat. Eta beti bezala, bigarren pauso honetan blokeatzen da guztia. Diru-kontuak funtsezkoak izaten dira orduan eta, hain zuzen, hori da gaur Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa baten gaia. Kaliforniako Energia Elektrikoaren Institutuko eta Stanford Unibertsitateko bi ikertzailek gasen isurketak mugatu eta murrizteak zein kostu izan dezakeen kalkulatu dute. Oso garesti.

Guztia ez da karbono dioxidoa

Kiotoko Protokoloan estatu bakoitzak karbono dioxido isurketak % X murriztea onartu zuen, baina murrizketak zuzenekoak izan daitezke edo zeharkakoak. Aukeretako bat, karbono dioxidoa ez diren beste gasen isurketak kontrolatzea da eta murrizketa horiek karbono dioxidotan zenbatzea, nolabait. Horretarako, normalizazio-faktore batzuk kalkulatu ziren, gas bakoitzak atmosferan zenbat irauten duen eta planeta zenbat berotzen duen kontuan hartuta. Ondoren, metanoari edo nitrogeno oxidoari zenbat karbono dioxido baliokide dagozkien kalkulatzen da.

Bi ikertzaileek baliokidetasun horren inguruko ikerketa ekonomikoa egin dute, isurketei prezioa jartzeko asmoz.Berotze-maila jasangarri bat finkatu dute eta, isurketen araberako berotzea simulatzen duen eredu informatiko bat erabiliz, muga horretara iritsi ahala isuritako gas-mota eta -tona bakoitzeko prezioak denboran nola aldatzen diren ikusi dute. Hau da, zer isurtzen den eta noiz isurtzen den, ez da berdin ordaindu behar. Adibidez, denbora luzez atmosferan irauten duen gas bat mugatik gertu isurtzea mugatik urrun isurtzea baino garestiagoa da. Klima-aldaketaz arduratzen den Nazio Batuen IPCC taldeak aplikatutako baliokidetasun-ereduen arabera, aldiz, prezioak finkoak izango lirateke denboran. Bi ikertzaile hauen arabera, funtsezkoa da tenperatura-muga jasangarri hori zehaztea, kostuak zehaztasun minimo batekin kalkulatu nahi badira, mugaren baitan ikaragarri aldatzen baitira.

Kiotoko Protokoloa bertan behera geldituko den beldurra nagusitu den egunotan barregarria dirudite halako ikerketek, baina ongi datoz gaiaren konplexutasunaz ohartzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia