Garunaren zahartzearen kontra ariketa fisikoak dakartzan onuren gakoa proteina batean egon liteke

2020/07/09 Gallego Moya, Juanma - Kazetaria Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Raoul Croes/Unsplash.

Orain arte gutxi ikertu izan den proteina hepatiko batean egon daiteke garunaren zahartzearen kontra ariketa fisikoak dakartzan onuren gakoa, Science aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera: arratoietan egindako probetan oinarritua, ikertzaile talde batek ondorioztatu du gibelean sortzen den Gpld1 proteinak funtsezko rola jokatzen duela zahartze kognitiboaren kontra.

Hortaz, aurkikuntzak garunaren zahartzearen kontrako botikak diseinatzeko bidea ireki dezakeela proposatu dute. Batez ere ariketa fisikoa egiteko moduan ez dauden lagunei begira onuragarria izan daitekeela diote, alzheimerra eta dementzia frontotenporala bezalako gaitzen garapena moteldu aldera.

Laborategian ikusi dutenez, ariketa fisikoa egiten duten arratoiek proteina hau sortzen dute ariketarik egiten ez dutenek baino maila altuagoetan; eta egiaztatu dute proteina horrek arratoi zaharrei onura kognitiboa dakarkiela. Gainera, kirola egin ez duten arratoietan kirola egin dutenen odol-plasma txertatu dutenean onura kognitiboak lortu dituzte, eta ondorioztatu dute Gpld1 proteina gako izan daitekeela. Animalietan egindako ikerketa izan arren, ariketa egin ohi duten pertsona adindunetan ere proteina beraren maila altuagoak daudela ziurtatu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia