}

Garapen Jasangarrirako Helburuek elkarren artean dituzten erlazioak aintzat hartzea proposatu dute

2025/03/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

garapen-jasangarrirako-helburuek-elkarren-artean-d
Agenda 2030ek biltzen dituen 17 helburuak

Gaur egun, munduko herrialde bakar bat ere ez da iritsiko Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) betetzera 2030erako. Hala baieztatu du Mexikoko Unibertsitate Autonomoko ikertzaileek gidatutako azterketa batek. Horrez gain, ikusi dute helburuetako batzuek beste batzuk indartzen edo bultzatzen dituztela, baina kontrakoa ere gertatzen dela; alegia, zenbait helbururen alde egitea beste batzuen kalterako dela. PLOS ONE aldizkarian argitaratu dute ikerketa, irekian.

Garapen Jasangarrirako Helburuak Nazio Batuen Erakundeak ezarritako 17 helburu dira, eta, osotara, bakea eta oparotasuna lortu nahi dute, pertsonentzat eta planetarentzat. Haien bilakaera aztertzeko, adimen artifizialaren bidez analizatu dituzte NBEk zehaztutako adierazleak eta ongizate-indizeak, 20 urte baino gehiagoko epean, eta 107 herrialdetan.

Emaitzak erakutsi du helburuak elkarrekin erlazionatuta daudela, eta erlazio hori batzuetan sinergikoa dela, baina, beste batzuetan, aurkakoa. Esaterako, ekintza klimatikoaren helburuak eta kontsumo eta ekoizpen arduratsuarenak elkar babesten dute, baina korrelazio negatiboa dute beste 15 helburuekin; horrek iradokitzen du egungo sistema ekonomikoak ekintza klimatikoaren helburuak oztopatzen dituela. Bestalde, badirudi pobrezia desagertzeko helburua sinergikoa dela beste helburu gehienekin.

Antza denez, herrialde bat bera ere ez dago 17 helburuak betetzeko bidean 2030erako. Hala ere, herrialdeak faktore geografiko, kultural eta sozioekonomikoen arabera multzokatuz gero, badirudi bakoitza bere aldetik aurrerapausoak ematen ari direla zenbait helburutan. Esate baterako, Afrikako eta Asiako herrialdeek (BPG baxuena dutenek) aurrerapen txikiak dituzte pobrezia desagertzean, genero-berdintasunean eta osasun eta ongizate ona izateko helburuetan, baina aurrerapen handienak dituzte klima-ekintzan eta kontsumo eta ekoizpen arduratsuan.

Emaitza horiek aintzat hartuta, GJHak lortzeko bestelako ikuspegi bat lantzea proposatu dute ikertzaileek, eskualdeak eta helburuen arteko erlazioak kontuan izango dituena.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia