}

Gamma izpiak tximistetan

2004/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ikertzaile batzuek adierazi dute gamma izpi ikusezinak hedatzen direla zeruan tximisten osteko orduetan.

Horien iturria atmosferan gertatzen diren erreakzio nuklearrak izan litezke, eta, tximistak, berriz, zabaltzeko pizgarria.

Gamma izpien eztandak, tximisten mikrosegundoen ostean izaten direnak, lehendik ere ezagunak ziren. Tximistek milioika volt dituzte, eta eremu elektriko handiak sortzen dituzte zeruan. Eremuek elektroiak azeleratzen dituzte, horiek talka egiten dute atomoen kontra indar handiz, eta gamma izpiak askatzen dira.

Orain, ordea, horiek baino atzeratuago datozen izpiak aurkitu dituzte. Atzerapen hori minutu batzuetakoa nahiz ordu batzuetakoa izan daiteke, eta, dirudienez, horrek adierazten du atmosferako erreakzio nuklearretatik datozela. Ez dakite, ordea, erreakzio horiek nola gertatzen diren. Hainbatek uste du protoiek, elektroiak bezala azeleratuz gero eta atmosferan dauden elementu arruntekin talka eginez gero, kate-erreakzioak eragin ditzaketela.

Edozein modutan, ez dago argi tximistek protoiak martxan jartzeko adina energia dutenik, ezta zein atomok ematen dituzten ere gamma izpiak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia